Gaur hasiko da Euskal Herriko Gazte Sozialisten Topagunea

Uztarria.eus 2019ko eka. 12a, 12:03

Ikasle Abertzaleakek eta Gazte Koordinadora Sozialistak antolatutako topaketek "komunitatea indartzeko" baliatuko dituzte. Gaurtik zapatura bitartekoak, lan egiteko egunak izango direla azaldu dute topaketen antolatzaileek, baina eztabaidarako eta aisialdirako tartea ere hartuko dute.

Ikasle Abertzaleakek eta Gazte Koordinadora Sozialistak antolatuta, Euskal Herriko Gazte Sozialisten Topagunea egingo dute gaurtik zapatura bitartean herrian. Egitasmoaren bidez, Euskal Herri osoko "borondate sozialista" batu nahi dute bi taldeek, eta haien arabera, topaketek "lan egiteko egunak" izango dituzte ardatz: "Hori da sozialiston lan filosofia, indar desberdinak antolatuz gure jardunaren potentzia biderkatzea eta potentzia hori prozesu sozialista elikatzea xede duen hainbat proiektu indartzeko erabiltzea".

Era berean, "komunitatea indartzeko", gai politikoak eztabaidatzeko hitzaldiek eta aisialdirako ekintzek ere izango dute tarterik datozen egunetan egingo duten Euskal Herriko Gazte Sozialisten Topagunean. Lan saioek, hitzaldiek, mahai inguruek, ikuskizunek edota kontzertuek hartuko dute egitasmoaren egitaraua, eta horiek herriko txoko desberdinetan gauzatuko dituzte. Lan saioak, esaterako, Gaztetxean eta Esklabetan egingo dituzte, beste hainbat lekuren artean. Astegunean, bazkari eta afaritarako, Azoka Plazan elkartuko dira gazteak, eta zapatuko bazkaria Betharrameko frontoian. Egun horretako kontzertuak, berriz, Sanagustin kulturgunean eskainiko dituzte, eta Bake faltsua, Rodeo, Droga purpura eta Kontuz! taldeak ariko dira zuzenean 19:00etatik aurrera. Han izango da egun horretako ekitaldi politikoa ere.

Hezkuntzaz, generoaz, gazte problematikaz eta antolakundeaz eta Euskal Herriko ziklo politikoaz eztabaidatzeko eta hausnartzeko aukera ere izango dute gazteek, Soreasu antzokian.

Hona hemen Euskal Herriko Gazte Sozialisten Topaguneko egitarau osoa:

Ekainaren 12a, asteazkena.

  • 10:00etatik 19:00etara, lan eguna.
  • 14:00etan, bazkaria.
  • 21:00etan, afaria.
  • 22:00etan, pailazoen ikuskizuna.

Ekainaren 13a, osteguna.

  • 10:00etatik 19:00etara, lan eguna.
  • 14:00etan, bazkaria.
  • 21:00etan, kantu afaria.

Ekainaren 14a, ostirala.

  • 10:00etatik 13:30era, lanaren amaiera.
  • Ondoren, bazkaria.
  • 16:00etatik 18:00etara, Hezkuntza, genero eta gazte problematika.
  • 18:00etatik 20:00etara, Gazte antolakundea: jarraikortasuna eta hausturak.
  • 21:00etan, afaria.
  • 22:00etan, Pobresiak.

Ekainaren 15a, zapatua.

  • 10:00etatik 12:00etara, prozesu sozialista.
  • 12:30etik 14:30era, mahaingurua: Ziklo politiko berria Euskal Herrian.
  • 14:30ean, bazkari girotua.
  • 19:00etan, kontzertuak: Bake faltsua eta Rodeo Sanagustin kulturgunean.
  • Ondoren, ekitaldi politikoa eta kontzertuak: Droga purpura eta Kontuz!, Sanagustin kulturgunean.