Errazkinen eta Intxaurrandietaren aldeko ebazpena berretsi du Espainiako Kontu Auzitegiak

Uztarria.eus 2019ko eka. 10a, 18:33
IƱaki Errazkin.

Epaia berretsita, Ingurumen diputatu ohiak eta GHK-ko presidente ohiak ez dute ordaindu beharko Zubietako errauste plantaren lanak geldiarazteagatik akusazioak ezarri nahi zien 46 milioi euroko zigorra. Joan zen urriaren 10ean eman zuen ebazpena Kontu Auzitegiak, eta GHK-k erabaki haren gaineko errekurtsoa aurkeztu zuen handik egun batzuetara, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin.

Espainiako Kontu Auzitegiak Iñaki Errazkin Ingurumen diputatu ohiaren eta Ainhoa Intxaurrandieta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko (GHK) presidente ohiaren aldeko epaia berretsi du, eta beraz, horiek ez dute ordaindu beharko Zubietako errauste plantaren lanak geldiarazteagatik akusazioak –GHKren egungo zuzendaritza– ezarri nahi zien 46 milioi euroko zigorra. 2013an Zubietako errauste plantaren lanak gelditzeak "eragindako kalte ekonomikoa" beren gain har zezaten nahi zuten GHKren gaur egungo buruek –PSE-EE eta EAJ–, baina auzitegiak joan zen urriaren 10ean emandako ebazpena berretsi du.

EH Bildu koalizioa Gipuzkoako Foru Aldundiko agintean zela, GHK-ko orduko buruek bertan behera utzi zuten Zubietan errauste planta eraikitzeko aurreko legealditik martxan zen kontratua; EH Bilduk jakinarazi zuen kalte-ordainak itundu zituela enpresa eraikitzaileekin —8,2 milioi ordaindu zizkion kontsortzioak adjudikazioa zuen enpresa taldeari—. 2013an Zubietako erraustegiaren lanak gelditzeak "eragindako kalte ekonomikoa" beren gain har zezaten nahi zuten GHKren gaur egungo buruek. Bi bidetatik jo zuen GHK-k auzitara: batetik, ohiko auzitegietatik; eta bestetik, Kontu Auzitegitik. Lehen bide hura joan zen urtarrilean iritsi zen bukaerara; izan ere, Espainiako Auzitegi Gorenak ebatzi zuen baliogabea izan zela erraustegiaren kontratua bertan behera uzteko erabakia. Kontu Auzitegian, berriz, botere desbideraketa larria egiteagatik salatu zituen GHK-k Bilduko bi agintari ohiak, baina kasu horretan, auzitegiak Errazkini eta Intxaurrandietari eman die arrazoia.

Donostiako auzitegi batek kontratua bertan behera utzi izana legez kanpokotzat jo ondoren, 2017ko urriaren 16an erabaki zuen GHK-k bi lagunak auzitara eramatea. PSE-EEko eta EAJko batzarkideek bozkatu zuten agintari ohiak auzitara eramatearen alde, eta EH Bilduko kideek aurkako boza eman zuten. Joan zen urrian Errazkinen eta Intxaurrandietaren aldeko epaia kaleratu zuen Espainiako Kontu Auzitegiak, kontratua ez eteteak are galera handiagoak eragingo lituzkeela argudiatuta. Urriaren 29an epaiari helegitea jartzea aztertzeko ez-ohiko batzarra egin zuen GHK-k; PSE-EEko eta EAJko kideek errekurtsoa aurkeztearen aldeko boza eman zuten eta helegitea aurkeztu zuten Espainiako Kontu Auzitegian bertan.