Espanyolek irabazi du mutilen Azpeitia Cup

Uztarria.eus 2019ko eka. 9a, 19:24

Kataluniara joan da aurtengo mutilen Azpeitia Cup. Bartzelonako Espanyolek irabazi du kimuen mailako futbol txapelketa, finalean Valentziari 3-0 irabazita. Iaz ere finalera iritsi zen Espanyol, baina Bartzelonak irabazi zuen kopa. Aurten, berriz, Bartzelonarentzat izan da hirugarren postua, eta Coruñako Deportivo sailkatu da laugarren.

Beste sari bat ere jaso dute Espanyolekoek, talde horretako Aleix Marinerrentzat izan baita txapelketako jokalari onenaren saria. Atezain onenaren saria, berriz, Deportivoko Rodrigo Leiva Seoaneri eman diote. Zale onenen saria, azkenik, Bizkaiko Abadiñokoentzat izan da. Lagun Onak Futbol Taldearentzat ere izan da saririk gaurkoan; izan ere, Azpeitia Cupeko antolatzaileek oroigarria eman diote herriko klubari, bere 75. urteurrena dela eta.

Ostiralean hasi zen kimu mutilen aurtengo Azpeitia Cup, eta futbolak ez du ia etenik izan Garmendipen gaur eguerdira arte. Urtero legez, jende asko elkartu da hiru jardunaldietako partidak ikustera. 40 talde aritu dira lehian, eta 66 partida jokatu dira, guztira..

Asteburu honetakoa aurtengo Azpeitia Cupen lehen atala izan da. Bigarrena, infantil mailako neskena, datorren ostiralean hasi eta gaur zortzi, ekainaren 16an, bukatuko da.