Kirola eta festa giroa, mutilen Azpeitia Cup txapelketaren hasieran

Uztarria.eus 2019ko eka. 7a, 22:26

Martxan da kimu mutilen Azpeitia Cup futbol txapelketa. Gaur, 18:00etatik 20:00etara, sailkapen faseko hamabost partida jarraitzeko aukera izan da Garmendipeko zelaietan. Bihar, berriz, neurketek ez dute ia etenik izango. 09:00etan hasiko da zapatuko jardunaldia, eta 20:00etan hasita jokatuko dituzte bigarren eguneko azken partidak; guztira, 66 partida jokatuko dituzte. Gaurko eta biharko emaitzekin lehen faseko sailkapenak osatuta, igande goizean kanporaketak, finalaurrekoak eta finala jokatuko dituzte; 09:00etan hasiko da igandeko jardunaldia ere, eta 13:15ean hasiko da finala.