Sanjuandegiko festak 2019

Mantangorririk gabe agurtu dituzte herritarrek Sanjuandegiko festak

Bukatu dira Sanjuandegiko festak, baina aurtengo jaiak ez dira amaitu nahi bezala horiek antolatzeaz arduratzen den XJ Auzolaneanentzat. Izan ere, 20:00etarako iragarrita zegoen Mantangorriren igoera ez dute egin, ezezagunek auzoko jaietako maskota lapurtu eta puskatu egin dutelako. Hala adierazi du batzordeak jaiei bukaera ematerakoan, eta batzordekideek azaldu dute gertatutakoarekin "haserre" daudela, halakoek festak antolatzen jarraitzeko gogoa kentzen dutela adierazita eta festak herritarren borondateari esker auzolanean egiten direla esanda. Minutuko isilunea egin dute Jose Antonio Agirre plazan elkartu diren lagunek, batzordeak hala eskatuta, eta ondoren, txalo zaparradarekin agurtu dituzte aurtengo festak.

Halabeharrez, jaietako egitarauko azken ekintza ez dute egin, baina arratsaldean zezen txikiez eta herri kirol jaialdiaz gozatzeko aukera izan da auzoan. Gainera, jaietako zozketak ere egin dituzte. Honako hauek dira zenbaki sarituak eta horien ordezkoak: lehen sariaren zenbaki saritua 715 eta ordezkoa 785; bigarren sariaren zenbaki saritua 1.211 eta ordezkoa 1.311.

Hona hemen, arratsaldeko irudi batzuk:

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide