Leonor Palma: "Euskaldunak andaluziarrak baino leialagoak zarete"

Uztarria.eus 2019ko mai. 31a, 17:02
Leonor Palma, Erdikalean duen lurrindendaren atarian.

Senarraren lana tarteko, orain dela lau urte etorri zen Andaluziatik Azpeitira Leonor Palma (Guadahortuna, Granada, Espainia). Jaioterrira itzuliko da aurki. Berarekin hitz egin du Elena Marguello kazetariak Uztarria aldizkariaren 2019ko maiatzeko zenbakiaren Hementxe bertan atalerako.

Zer dela-eta etorri zinen Andaluziatik Azpeitira?

Lanagatik eta maitasunagatik. Duela urte batzuk nire bikotekideak bi hilabetetarako lana aurkitu zuen Azpeitian, eta geroago kontratu mugagabea egin ziotenez, 2015eko uda baino lehen Azpeitira abentura berri bat probatzera etortzea erabaki genuen.

Gustatzen al zaizu Azpeitian topatu duzuna?

Bai, ikaragarri. Herriko giroa oso ederra da, alabarentzat osasungarria da Azpeitia eta beti hainbat jarduera egin daitezke bertan. Bestalde, hemen aurkitu dudan jendea sekulakoa da, eta lagun on asko egin ditut.

Zer sumatzen duzu faltan?

Eguzkia, argia eta familia; horiexek bakarrik. Andaluzian familiarik izango ez banu, ez litzaidake hemen gelditzea axolako.

Zertara egokitzea kostatu zaizu gehien?

Horrenbeste euritara. Hasieran, euria egiten zuenean, etxean egoten nintzen. Gainerako guztia oso erraza izan da, eta familiakoei ez zaigu zaila egin egokitzea. Janari ona, giro ederra eta jende bikaina aurkitu ditugu hemen. Euskaldunak itxiak zaretela saldu ziguten, baina ez da horrela; oso leialak zarete.

Zer ezaugarrik desberdintzen dituzte andaluziarrak eta euskaldunak?

Ez dira asko. Ospea guk baldin badugu ere, euskaldunak andaluziarrak baino askoz ere festazaleagoak zarete. Bestalde, euskaldunak leialagoak zarete eta zuen hitza beti betetzen duzue. Andaluzian gehiago gara "bueno, si eso mañana" esatekoak.

Eta orain berriro Andaluziara...

Arazo pertsonalak direla-eta Andaluziara itzuli behar dugu; min handiarekin, egia esan. Familiako inork ez du nahi hemendik alde egiterik, baina etapa berri bati aurre egiteko ordua iritsi zaigu. Gero arte batekin goaz.

Andaluziara itzultzean, zer sumatuko duzu faltan Azpeititik?

Janaria, giroa, jendea, herria... Bizi asko duen herria da. Euria ere faltan sumatuko dudala uste dut, nork esango zidan niri! Azpeitiarra bihurtu naiz azkenean. Aurrerantzean, Azpeitira oporretan etorriko gara. Ezagutu ditudan pertsonei eskerrak eman beharrean nago.