Udal eta foru hauteskundeak 2019

Igo egin da udal bozetako eguerdira arteko parte-hartze datua

Uztarria.eus 2019ko mai. 26a, 17:04
Gaur goizean Betharrametako mahaian ateratako irudia.

Azpeitian herritarren %41,95ek eman dute udal hautetsiak aukeratzeko botoa 14:00etara bitartean. Duela lau urteko bozetako datuarekin alderatuta, 3,5 puntu igo da eguerdira arteko parte-hartzea. Bigarren parte-hartze datua 18:00etan jakinaraziko dute. Europako bozetako parte-hartzea ikaragarri igo da: 15,84 puntu. Herritarren %41,63k eman dute botoa.

Udal, foru eta Europako hauteskundeak dira gaur, eta hainbat herritar ari da hiru horietarako botoa ematen. Goizetik izan da mugimendua herriko hemezortzi hauteslekuetan, baina Espainiako Barne Ministerioak 14:00etan jakinarazi ditu lehen parte-hartze datuak. Hain zuzen ere, Azpeitian herritarren %41,95ek eman dute udal hautetsiak aukeratzeko botoa 14:00etara bitartean; 4.714 herritarrek. 3,5 puntu igo da eguerdiko parte-hartze datua, 2015eko udal bozekin alderatuta; izan ere, orain dela lau urte erroldaren %38,45k eman zuen botoa 14:00etara arte. Bigarren parte-hartze datua 18:00etan jakinaraziko dute.

Foru hauteskundeetako datuak ez dituzte jakinarazi oraindik; Europakoak bai, ordea. Ikaragarri igo da Europako bozetako parte hartzea: %41.63 (4.675 boto). Eta horretan eragin zuzena izan du Europako hauteskundeak udal eta foru bozekin batera egiteak. Hain zuzen ere, %41,63 izan da gaur 14:00etarako Europako bozetako parte-hartzea. 2014an, berriz, %25,79 izan zen eguerdiko datua. Beraz, 15,84 puntu igo da parte-hartzea.

Azpeitian 11.237 herritarrek dute botoa emateko aukera, eta horiek 20:00ak arte izango dute horretarako aukera, orduan itxiko baitituzte hauteslekuak. Ondoren hasiko dira bozak kontatzen: lehenik Europako hauteskundeetakoak zenbatuko dituzte; herrietakoak gero; eta foru bozetakoak azkenik. Uztarria.eus-ek datuen berri emango du gaur egun osoan zehar, baita gauean ere.