Ikasle gazteenek estreinatu dute musika eskolaren Ziklo Musikala

Uztarria.eus 2019ko mai. 23a, 13:37

Atzo hasi zen Sanagustin kulturgunean Juan Antxieta musika eskolaren aurtengo Ziklo Musikala. Iragarrita zegoen bezala, musika eskolan ikasten ari diren gazteenak izan ziren atzo arratsaldean kulturguneko oholtza zapaldu zutenak. Txikienek eskainitako koreografia batekin hasi zen emanaldia. Jarraian oholtzatik igaro ziren, banaka zein taldetxoka, instrumentu desberdinak jotzen ikasten hasi berriak diren hainbat ikasle, orain arte ikasitakoa erakusteko; gurasoek, etxekoek eta ikaskideek osatutako ikuslegoak txaloz hartu zituen guztien saioak.

Gaur eta bihar ere Ziklo Musikalaren barruko emanaldiak entzuteko aukera izango da Sanagustin kulturgunean: Juan Antxietako ikasle gazteak eta helduak izango dira protagonista gaurkoan, eta musika eskolako ikasleek osatutako Eztake II taldea, berriz, biharkoan.