Bihartik ostiralera izango da Juan Antxietaren Ziklo Musikala, Sanagustinen

Iazko Ziklo Musikalaren emanaldietako bat.

Hiru emanaldi antolatu ditu musika eskolak, adin eta maila ezberdinetako ikasleek eta gonbidatuek beren maila erakus dezaten. Txikienen txanda izango da bihar, gaztetxoena eta helduena etzi, eta Eztake II taldearen emanaldia, berriz, ostiralean.

Maiatzean ohiko bihurtu den hitzorduari ekingo dio bihar, asteazkena, Juan Antxieta musika eskolak. Hiru emanaldik osatuko dute musika eskolakoen aurtengo Ziklo Musikala. Ordu guztietan musika izenburua jarri diote zikloari eta, aurreko urteetan bezala, adin eta maila ezberdinetako ikasleek eta gonbidatuek beren maila erakusteko aukera izango dute Sanagustin kulturgunean.

Juan Antxietako ikasle gazteenek irekiko dute zikloa bihar, 18:30ean. 4 urteko biolin-jotzaileak eta txistulari kozkoztuagoak tartean izango dira, baina 7 eta 10 urte arteko ikasleak izango dira asteazken arratsaldean Sanagustineko oholtza zapalduko dutenak. Instrumentuekin hasiberriak dira gehienak, eta ikasturtean bakoitzak bere instrumentuarekin ikasitakoak erakutsiko ditu biharko saioan.

Biharkoa baino ordu erdi beranduago, 19:00etan, hasiko dira etziko eta ostiraleko emanaldiak Sanagustinen. Ostegunean, musika eskolako ikasle gaztetxoak zein helduak izango dira protagonistak; eta haiekin batera, baita San Martin egoitzako eta Goienetxe fundazioko Antxieta Etxeko egoiliarrak ere. Gainera, musika eskolako ikasleek sortutako piezaren bat entzuteko parada ere izango da kulturgunean.

Ostiralean, azkenik, musika eskolaren Ziklo Musikalak eta Arkupehotsak egitasmoak bat egingo dute, musika eskolako ikasleek eta ikasle ohiek osatutako Eztake II taldearen kontzertuarekin.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide