Udal eta foru hauteskundeak 2019

Udal agintaldiko parentesiaz

Uztarria.eus 2019ko mai. 20a, 20:30
Azpeitiko udaletxea.

Enekoitz Esnaola Berria egunkariko kazetariak analisi hau egin du Uztarria aldizkariaren maiatzeko zenbakirako, datorren igandeko udal hauteskundeen atarian.

Mikel Biain (EH Bildu) Oñatiko alkateak Berrian kontatu du orain dela zortzi urteko udal hauteskundeetako gauean EAJko Uri Buru Batzarreko kide batek esan zuela "parentesi bat" izango zela Bilduren agintaldia han, jendea konturatuko zelakoan EAJren beharra izango zela berriro. EAJk orduko hartan galdu zituen Oñatin lehen aldiz udal bozak. Bildu garaile, gehiengo osoarekin, eta alkatetzara. Parentesia luzatu egin zen duela lau urte: EH Bildu nagusi, gehiengo osoarekin, eta EAJ oposiziora atzera berriz ere. Igualtsua da Azpeitiko argazkia: EAJ 2011n geratu zen aurreneko aldiz udal hauteskundeak irabazteke, eta herriko jeltzale ezagun batzuen artean entzun zen parentesi bat izango zela agintaldia. Ordea, hemen ere luzatu egin zen parentesia: 2015ean irabazle EH Bildu, gehiengo osoarekin.

Testuinguru politiko nazional berezian eman zen 2011n Azpeitiko aldaketa historikoa ere: bazetorren ETAren jarduera armatuaren bukaera, eta, estreinakoz, ezker abertzalea –independente gisa aurkeztu eta legez kanporatzea gaindituz– eta EA koalizioan joan ziren: Bildun. Honen aldeko boto uholdea gertatu zen; batik bat, Gipuzkoan. Azpeitian udal hauteskundeetan, 4.333 boto. EAJk, 2.219. Handiegia zen diferentzia, hala ere.

Azpeitiko aldaketa hura ezin da mugatu orduko testuingurura. Bazituen beste arrazoi eta azalpen batzuk, eta horietako bat 2007an gertatutakoa zen: EAJk irabazi zituen berriz ere udal hauteskundeak, baina ez zuen gehiengo osorik eta aliaturik lortu, eta garai hartako Azpeitiko EH Bilduko indarrek bat eginda alkatetza eskuratu zuten, ekainean: ANVk, EAk eta Aralarrek. Udaletik beste Azpeitia bat marrazten hasi nahi izan zuten, herritarrekiko eta eragileekiko zabaltasun eta gertutasun handiagoa erakutsiz. Urte eta erdi bat eduki zuten horretarako: ETAk zapuztu zuen saioa, 2008ko abenduan Inaxio Uria hilda. EAJ alkatetzara berriro; baina udal gobernurako aliaturik gabe, eta, nolabait, oposiziotik agintzen segitu zuten ANVk, EAk eta Aralarrek. Testuingurua testuinguru, gertatu zena gertatu zen hurrengo udal hauteskundeetan.

Dena dela, 2007ko udal aldaketak ere baluke azalpenik, eta da Azpeitian herri mugimendu pluralek 1990eko hamarkada erdialdetik hasitako ibilbidea. Eremu askotan hegemoniko bilakatzen hasi ziren balio sozial eta kultural batzuk. Alderdi politikoek ez badituzte kontuan hartzen joera eta mugimendu sozial esanguratsuak, euren baitan ixteko arriskua daukate, eta nahi izaten dutena da herri horrek alderdiaren beraren antza izatea. Akatsa; are gehiago herri mailan. Botere instituzionalaren galera lekarke. 2007ko Azpeitia jadanik ez zen, demagun, 1980ko hamarkadakoa; koloretsuagoa zen. 2007ko hauteskundeetako emaitzek ahalbidetzen zuten udal aldaketa, eta ezker abertzale ofizialak, EAk eta Aralarrek pausoa eman zuten. Herria ez zen asaldatu, berehala egokitu zen egoera instituzional berrira. Herriaren antz handiagoa zeukan udala al zen?

Duela lau urte gehiengo osoa berretsi egin zuen EH Bilduk. Baina diferentzia asko murriztu zen: 3.760 boto hark, 2.984 EAJk; aldea, beraz, 2.114tik 776ra. Hamar hautetsi EH Bilduk, zazpi EAJk –honek 28 boto gehiago lortu izan balitu, 9-8 geratuko zen udala–. Parte hartzea 6,3 puntu jaitsi zen –649 bototan–, eta EH Bilduk abstentzioa pairatu zuen, 573 boto galduta. Testuinguru nazionala desberdina zen, ezker abertzalea blokeatuta zegoen gatazkaren ondorioen konponbidean eta diseinu politikoaren garapenean, eta Gipuzkoako zaborren gatazkak ere eragin zion koalizioari orokorrean. Azpeitiko EH Bilduk udal bozetan 2,4 puntu galdu zituen eta Gipuzkoakoak forukoetan 6,1. Zerbaiten seinale?

Igoera handia izan zuen EAJk herrian 2015ean: 765 botokoa, 13,8 puntukoa. Seguruenera, haren zakuan sartu zen Hamaikabat-ek 2011n jasotako 483 botoen –%6,2, zinegotzi bat– zatirik handiena. Hein txikiagoan, kontuan hartu beharko litzateke PSE-EE eta PP 108 boto jaitsi zirela, eta, handik ere, ezker abertzalea paretik kentzearren, jasoko zuela zerbait. Gipuzkoan EAJk, koalizioan aurkeztu gabe, herrialdean 1983tik aurrerako foru emaitza onenak atera zituen orduan, baina Azpeitiko EAJ udalekoetan ez zen 3.000 botora iritsi, eta EH Bilduk ia 800eko aldea atera zion. Momentuko giro politiko orokor bereziagatik parte hartzea ez denean igo izan, Azpeitian %65-68koa izan da udal hauteskundeetan, eta, horrela, 3.000 bototik behera nekez irabazi ahal da bi indar politikoen arteko polarizazioa dagoen tokian.

Badago beste datu bat: herrian EAJk duela hogei urte arte udaleko hauteskundeetan Eusko Legebiltzarrerako azkenekoetan baino boto gehiago biltzen zituen, baina EAJ-EA koalizio garaiaren ondoren, 2009tik aurrera, gutxiago; eta, erreferentzia modura erabili nahi bada, Azpeitian 2016an EAEko bozetan 3.075 boto jaso zituen. EH Bilduk 2015eko udal bozetan babes handiagoa jaso zuen EAEko 2012koetan baino, eta EAEko 2016koetan 3.192 boto izan zituen.

2011tik: 9 EH Bilduk, eta 2 EAJk

EH Bildun orain ez da Eneko Etxeberria izango alkategaia, eta EAJk ere ematen dio horri garrantzia. Alkategaiak beti du eragina boto emaileen artean, eta, Etxeberriari buruzko iritzi publikoa, oro har, ona da. Hura 2011n lehen aldiz aurkeztu zenetik alkategai –2015ean berriro–, boz haiek barne guztira 11 hitzordu elektoral izan dira, bost klasetakoak: Azpeitian (EH) Bildu-Amaiur bederatzitan izan da garaile, eta EAJ, bitan. 2011ko hiru hitzorduetan –udal, foru eta Espainiako bozak– eta 2015eko herrikoetan oso erraz nagusitu ostean, EH Bilduk beste bost garaipenetan batez beste 263 botoko diferentzia atera zuen; 80-451 boto arteko marjinarekin. Esan ahal da kasu horiez: justu antzean, baina irabazi; edota: irabazi, baina justu antzean. EAJren bi garaipenak, estatuko azken bi hauteskundeetan izan dira, eta, batez besteko aldea, 190ekoa; 2016an 256 botokoa, pasa den apirilaren 28an 124koa. Hauteskunde motak mota, Azpeitian EAJk irabazi ditu azkeneko hiruretatik bi. Eta azkeneko hauetan lortu du (EH) Bildu dagoenetik boto kopururik handiena (3.378; %72,6ko parte hartzea), gaindituz 2012an Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaritzara iritsi zen bozetakoa (3.326; %70,2ko parte hartzea).

Horiek datuak eta azterketak. Maiatzaren 26an parentesia luzatuko den, ikusiko.

Gaur-gaurkoz, garbi dagoena da: hurrengo alkatea, lehen aldiz emakumezkoa. Azpeitiak aldatzen segitzen du.