Merezitako garaipena ondo ospatuta geratu da Disdira ISB

Uztarria.eus 2019ko mai. 19a, 22:29

EBA Ligarako igoera lortu eta ordu gutxira, Azpeitiko Udalak harrera egin dio gaur arratsean Disdira Bitxitegia ISB saskibaloi taldeari. Iraurgiko gizonezkoen bigarren taldeko kideak pozez beteta eta festa giroan iritsi dira udaletxera, etxekoek eta klubaren ordezkariek lagunduta. Udaletxeko areto nagusian hartu dituzte jokalariak eta entrenatzaileak Eneko Etxeberria alkateak eta Aitor Bereziartua, Agustin Lizarralde eta Ainara Larrañaga zinegotziek.

Etxeberriak nabarmendu du Iraurgi "Gipuzkoako saskibaloi klubik onena" izatera iritsi dela, eta klubaren zein babesle guztien lana zoriondu eta eskertu nahi izan du. Eneko Irulegi kapitainak, bere aldetik, taldearen lorpena "egindako lanaren emaitza" izan dela berretsi du. Irulegik eta taldekideek esker oneko hitzak izan dituzte David Rodriguez entrenatzailearentzat; egiten duen lana "izugarria" dela eta "bere borondatez, Donostiatik astean lautan taldea entrenatzera etortzen" dela azpimarratu dute jokalariek.

Hitzartzeak bukatuta, udaletxeko balkoi nagusira irten dira taldekideak, garaipena jarraitzaileei eskaintzeko eta ospakizuna haiekin jarraitzeko. Izan ere, euri jasa handia ari zuen arren, elkartu da jendea plazan. Barrutik atera dituzten txanpain botilak ondo astindu dituzte jokalariek balkoian. Horrez gain, Jon Ander Iriondo jokalariak bertsoa bota du, etxekoak eta ingurukoak gogoan, eta Irulegi kapitainak berriro hartu du hitza, esker ona beren partida guztiak ikustera joaten direnei ere luzatuz.

Balkoitik areto nagusira bueltan, gelditzen zen txanpainarekin topa egin dute Iraurgikoek eta udal ordezkariek, eta familiako argazkia aterata bukatu dute ekitaldia.