Udal eta foru hauteskundeak 2019

Nagore Alkorta: "Herria hobetzen segitzeko bermea gara"

Uztarria.eus 2019ko mai. 17a, 20:30

EH Bilduk azken zortzi urteotan egindako lanean sakondu nahi duela azaldu dio Alkortak Julene Frantzesena kazetariari, Uztarria aldizkariaren maiatzeko zenbakirako egindako elkarrizketa honetan. Udal hauteskundeetarako "ilusioz eta gogoz" dago alkategaia.

Udal barruko lanetan esperientzia handia du Nagore Alkortak (Azpeitia, 1978). EH Bilduren alkategaiak uste du Udalak kudeaketa "oso ona" egin duela azken urteetan eta herriak "eraldaketa handia" gauzatu duela.

Nolatan aurkeztu zara alkategai?

Azpeitiko Udalean ari nintzen lanean proposamena jaso nuenean. Buelta dezente eman nizkion; alde batetik, errespetua ematen zidalako; eta, bestetik, hautagai izatea sekula ez nuelako izan buruan. Asko pentsatu eta gero, baiezkoa eman nuen arrazoi askorengatik. Uste dut azken urteetan kudeaketa ona egin duela Udalak. Gainera, herria egoera onean dagoela iruditzen zait, elkarbizitza egokia dela bertan. Eraldaketa eman da azken urteetan, eta orain herri bizia eta dinamikoa da Azpeitia. EH Bilduk ordezkatzen duen indarren batuketa ona eta aberasgarria izan da herriarentzat.

Zergatik EH Bildu?

Alderdi aurrerakoiak batzen dituen koalizioa delako eta horien metaketa oso positiboa izan delako. Iruditzen zait Azpeitiak eman duen eraldaketa, arlo sozialean batez ere, oso ona izan dela. Gainera, baliabide publikoen kudeaketa eraginkorra egin eta herritar guztiengana iristeko gobernatu dute. Herritarren eta Udalaren arteko zubia eginda dago, eta herritarren lehentasunak bere egiten ditu EH Bilduk.

Lehen aldiz, emakume bat izango da ziurrenik Azpeitiko alkate. Zer esan nahi du horrek?

Ni emakumea naiz, ama ere bai, eta hori salto bat da niretzat; izan ere, hautagaitza honek pisu bat eragin dit kontziliazioari dagokionez. Dena den, eraldaketaren adierazgarri da emakume alkategaiak aurkeztea, eta uste dut eredu izan gaitezkeela ondoren etorriko diren emakumeentzat. Pauso garrantzitsu bat da, beraz. Hala ere, esan behar dut zerrendaburu garen emakumeok ditugun gaitasunengatik izendatu gaituztela hautagai.

Nolakoa izan da zerrenda osatzeko prozesua?

Luzea, batez ere, hautagai izateari baiezkoa eman nionetik argi nuelako taldeak anitza izan behar zuela. Helburu nagusia izan da azpeitiar guztiak ordezkatzen dituen taldea eratzea. Azpeitiaren ordezkaritza ahalik eta osoena eratu dugu, eta horrek aukerak ematen dizkigu gure politikak ahalik eta zabalenak izan daitezen eta ahalik eta azpeitiar gehienengana irits gaitezen.

Koalizioak zortzi urte daramatza Udal Gobernuan, gehiengo osoz. Abantaila izan al da hori hautagai aurkezterakoan?

Bilduk, eta EH Bilduk gero, zortzi urte daramatza gobernatzen, eta emaitza oso onak izan ditu. Gainera, Zugandik hasita, herria egiten galdeketarekin ikusi dugu Udal Gobernuaren lana ontzat edo oso ontzat eman dutela herritarren %76k. Horrek laguntzen du pausoa ematen, egia esan. Izan ere, EH Bilduk egindako politika jakinekin ados agertu da jendea, eta hori jakitea abiapuntu garrantzitsua da.

Zer balorazio egiten duzu EH Bilduk Udalean zortzi urteotan egin duen lanaz?

Oso ona. Elkarbizitzaren eremuan eman diren pausoak izugarri garrantzitsuak izan dira, batez ere, politika kanpotik bizi izan dugunontzat eta beste garai batzuk bizi izan ditugunontzat. Adibidez, asko gustatu zitzaidan herriko plaza oinezko bilakatzeko proiektua. Herritarrak bertan elkartzen dira duten pentsaera dutela ere, eta esan daiteke plaza nukleo bilakatu dela. Azpeitia inor baztertzen ez den herri bilakatu da; herri inklusiboa, bizia eta zabala da. Eroso bizitzeko herri bilakatu da Azpeitia. Bake soziala sumatzen dut.

Urteotan martxan jarritako politikekin jarraitu nahi duzuela esana duzu.

Bai, hala da. Galdeketak egin genituen herri programa osatzeko eta gure lan ildoak zehazteko. Prozesu horretan herritarrek Udalaren kudeaketa nola baloratu duten ikusita, argi dago bide horretan jarraitu behar dugula. Orain arteko politikekin jarraituko dugu, eta eraldaketan salto gehiago egin badaitezke, aurrera egingo dugu. Gainera, herritarrek lehentasunak zehaztu dizkigute: ekonomia eta enplegua dira kezka nagusiak, baita gizarte beharrei erantzutea eta etxebizitza arloa ere.

Ekonomiaren eta enpleguaren arloetan zertan sakonduko duzue?

Langabezia tasa %17tik %8ra jaitsi da azken urteetan. Beraz, eskualdeko eta lurraldeko langabezia tasen azpitik gaude Azpeitian. Dena den, sortu den enpleguaren kalitateak kezkatzen gaitu, batez ere, gazteen lan baldintzak ez direlako onak. Ahalik eta esku-hartze handiena egin nahi dugu lan baldintzak hobetzeko, baina horretarako eskumenei dagokienez, eskuak nahiko lotuta ditu Udalak. Hala ere, zuzenean ez bada, zeharka hainbat neurri hartu ahal izango dira. Orain dela bi agintaldi, krisi garai larri hura izan zenean, Udalak Sustapen Ekonomikorako laguntzak jarri zituen martxan, eta ordutik, arlo ugaritara bideratzen dute diru sail hori. Egoera ekonomikoa hobea da orain, eta aztertu beharko dugu non eragin dezakegun. Ekonomia herritartzea ere nahi dugu. Nolabait, hartu dira zenbait neurri familien ekonomian eragiteko, eta horretan jarraituko dugu. Izan ere, ulertzen dugu familiaren ekonomia hobetzen bada, herriarena ere hobetu egiten dela. Funtsean, ekonomia sozialaren aldeko apustua egingo dugu, ekonomia errealean eragiteko. Ikuspuntu estrategikotik, herri honen motorra industria denez, lur industrialen bereganatzean sakondu nahi dugu. Izan ere, Landetako eremuan lur dezente esku pribatuetan daude eta pabilioi asko hutsik. Plan berezi bat egingo dugu zer egin daitekeen ikusteko.

Gizarte beharrei erantzutea ere erdigunean jarri duzue. Zer neurri hartuko dituzue?

Udalak dirulaguntza sistema zabala dauka gaur egun: 19 milioi euroko aurrekontua du erakundeak, eta bi milioi euro Gizarte Zerbitzuetara bideratzen ditu. Adin txikikoentzat beka sistemak dauzka martxan, hezkuntza sistema bermatzeko eta eskolaz kanpoko ekintzetarako. Horrez gain, hain ezagun egin den 65 urtetik gorako pentsiodunei 1.080 eurora iristeko dirulaguntza ere badu. Bestalde, Udalak martxan du arazoak dituzten norbanakoei eta familiei laguntzeko esku-hartze zerbitzua.

Etxebizitzaren arloa ere puntu garrantzitsua da, eta beharren azterketa egin da dagoeneko. Esklabak-Iturtzulo eremuan bi proiektu ditu erakundeak: Esklabetan eskainiko diren alokairuko etxebizitzak eta bi fasetan egingo diren Babes Ofizialeko Etxebizitzak nahiz udal sustapenekoak. Bestalde, Alde Zaharrean hainbat eraikin bota eta etxebizitzak egingo dira. Prozesuak martxan daude, baina proiektu horiek datorren agintaldian egikarituko dira. Bestalde, aipatzekoa da Udalak alokairurako dirulaguntzetarako duen 180.000 euroko diru saila. Etxebizitza politika jarraikorra izatea nahi dugu, eta beharren arabera ikusiko dugu non eragin behar den.

Datorren agintaldiari begira, hobetzeko arlorik ikusten al duzu?

Aipatutako arloetan egindako lanarekin guztiz ados nago, baina sail batzuetan sakontzen segitzea falta da. Adibidez, etxebizitza politika martxan jarrita dago, baina ikusi behar da zer erantzun izaten duten hartutako erabakiek eta proiektuek. Etxebizitza molde berrien proiektua ere abiatuta dago, eta horretan sakonduko dugu. Bestalde, parte-hartze prozesuak jarri ditu Udalak martxan azken urteetan, bai Denon Artean prozesuaren bidez, bai galdeketen bidetik, eta horiek ere oso garrantzitsuak dira.

Alkate bazara, zein izango dira zure lehentasunak?

Langabetuak. Kopuruz asko ez dira, baina horiei zuzeneko arreta eskaintzea garrantzitsua da. Beraz, langabetuekin bilera bat egiteko eta dituzten beharrak aztertzeko konpromisoa hartzen dut. Horrez gain, formazioa bultzatzen segituko nuke. Hor dugu guztiz eraberritu den Basazabal jauregia, eta aztertu beharko da formazio zentro bilakatu nahi al den gune hori.

Soreasuko sormen gunearen proiektua ere martxan jartzear da.

Eraikin erraldoi bat zegoen Soreasun, erabilera zehaztu gabe zuena. Parte-hartze prozesu baten bidez, proiektu izugarri indartsu bat egin da, eragileekin eta Kultur Mahaiarekin elkarlanean. Oso aberasgarria iruditzen zait proiektua, eta erronka garrantzitsua dakar horrek berarekin: kontinentea prestatu da, eta orain garrantzitsua da barruko edukiak martxan jartzea.

Badira martxan jarri diren proiektu gehiago ere. Datorren agintaldirako zeintzuk dira estrategikoak?

EH Bildurentzat garrantzitsua da martxan diren proiektuei dagokien abiadura ematea. Alde Zaharra biziberritzen jarraitzea ere bada xedea, hala nola oinezkotzeko lanak bukatzea, Azoka Plaza proiektu berriekin indartzea, lehen sektorea sustatzea eta herriko merkatariei laguntzea. Gaur egungo Udalaren ekonomia egoera ikusita, beste proiektu batzuk ere jarriko ditugu martxan. Izan ere, azken zortzi urteetan, 11 milioi euroko zorra izatetik, bi milioi eurokoa izatera pasatu da erakundea. Horrek datozen proiektuei erantzuteko ahala ematen du.

Zerk kezkatzen zaitu datozen lau urteetara begira?

Batez ere, gazteen lan kalitateak eta adinekoei eskainitako zerbitzuek. Azterketak egiten ari gara, hemendik urte batzuetara badakigulako 65-80 urte bitarteko herritarren kopuruak gora egingo duela. Herritar horiei eskaini beharreko arretan dugu indarrak bideratzeko puntu garrantzitsu bat.

Azken lau urteotan, EH Bilduk eta EAJk aho batez hartu dituzte erabaki gehientsuenak. Adostasunaren bidetik jarraitu nahi al zenuke?

Negoziaketarako pertsona naizela uste dut, eta alkate banaiz, adostasunera iristeko bidea zabalik lagako dut. Politika egiteko eta herritarrei begira, garrantzitsua iruditzen zait adostasunak lortzea, eta hala egingo ez bagenu, atzera pausoak emango genituzkeelakoan nago. Herrian eta Udalean bakea sumatzen da, eta ez dakit batak ekarri duen bestea, baina elkarren isla dira. Normala da hainbat gairen inguruan alderdiek iritzi desberdinak izatea, baina uste dut puntu garrantzitsuenetan adostasunera iristeko saiakera egin behar dela. Hori bai, norbere programari eta idealei hutsik egin gabe.

EH Bilduk 776 bozen aldearekin irabazi zituen udal hauteskundeak 2015ean. Igaro diren Espainiakoetan 124 botoren aldez nagusitu zen EAJ. Lehia izango al da?

Argi ikusi da Espainiako hauteskundeak beste pilota partida bat direla; jendeak udal hauteskundeetan beste era batera bozkatzen du. Espainiako hauteskundeetan EH Bilduren emaitzak onak edo oso onak izan dira, baina herrira ekarrita, EAJ goitik ibili da. Lehia ikusten dut, bai, baina uste dut azken zortzi urteetako kudeaketa onak merezi duela EH Bilduren alde bozkatzea.

Udaletxean egiten duzu lan. Aldea al da hori alkate izateko?

Garrantzitsua da partxisean edo xakean jokatzen ari zaren eta zer arazori erantzun beharko diozun jakitea. Onerako nahiz txarrerako, oso baliagarria izan zait Urnietako eta Azpeitiko udaletan lan egitea.

Nola zaude bozen atarian?

Horretan buru-belarri. Orain arte egindakoa oso positiboa izan da, eta falta diren egunetan komunikazio lana egin behar dugu, jendeari zer egingo dugun azaltzeko. Urduri nago, baina ilusioz ere bai. Izan ere, hautagai izateko apustua egin badut, irabazteko gogoa dudalako izan da. Ilusioz eta gogoz nago maiatzaren 26a iristeko eta herritarren iritzia zein den jakiteko.

Zergatik eman behar zaio botoa EH Bilduri?

Azken zortzi urteotan kudeaketan oso ona dela erakutsi duelako eta egun bizi garen herria irekia, bizia eta dinamikoa delako. Denok lekua dugun herria da Azpeitia, tradizioa eta modernitatea uztartzen dituena eta aurrera doana. Politika aurrerakoiekin jarraitzeko nahiz euskararen normalizazioan, berdintasunean eta ingurumenaren babesean eragiteko garrantzitsua da EH Bilduri boza ematea. Baliabide publikoen kudeaketa gardena, eraginkorra eta egokia egin du EH Bilduk, eta Azpeitia hobetzen segitzeko bermea da.

 

 

Motzean

Txoko bat?

Loiola eta Izarraizko Atea.

Asteburuko plana?

Lagunarteko afaria.

Beldurra zeri?

Heriotzari.

Haserretu zerk?

Injustiziak.

Eta pozten zaitu?

Esfortzuaren ostean, emaitza jasotzeak.

Zer bertute duzu?

Gertukoa naiz.

Eta zer akats?

Burugogorra naiz.

Zeurekiko egiten duzun galdera?

Ondo ari al naiz jokatzen?

Amets bat?

Berriro Afrikara bidaiatzea.

Nor miresten duzu?

Xedea lortzen saiatzen dena.

Politikari bat?

Maddalen Iriarte.

Gogoko duzun bertutea?

Zintzotasuna.

Gogaitzen zaitu?

Inbidiak.

Liburu bat?

Yo antes de ti.

Pelikula bat?

La noche de los lapices.

Kanta bat?

I’ll stand by you.

Janari bat?

Foie, onddoak eta arrautza.

Zer proposatzen du EH Bilduk?

EH Bilduk Zugandik hasita, herria egiten ariketa jarri zuen martxan urte hasieran: telefono zein Internet bidez 750 bizilaguni egindako elkarrizketak, gizarte eragileekin egindako bilerak eta arloz arloko parte-hartze saioak. Jasotako informazioarekin, "herritarren kezkak eta beharrak" zehaztu ditu koalizioak, eta horiei erantzungo diela azaldu du. Honako puntu hauek jaso ditu programan EH Bilduk:

Ekonomia

  • "Industriaren garapenean jarriko dugu indarra, eta sektore guztien arteko oreka landuko da: baserritarrak, merkatariak... Sustapen Ekonomikoko plana berrikusi eta indartuko da".
  • "Industria lurrak birgaitzeaz gain, Azoka Plaza 2.0 proiektua eta merkataritza sustatzeko lerro propioa jarriko dira martxan".
  • "Ekonomia sozialean jarri nahi dugu fokua. Esaterako, langabezian dauden pertsona guztiekin egongo gara banan-banan".
  • "Formaziorako erraztasunak emango zaizkie herritarrei, eta bekak indartuko dira".

Gizartea

  • "Behar gehien dituzten herritarrei begira egingo dugu lan. Pentsiodunei 1.080 euro arteko gehikaria ematen jarraituko dugu, eta laguntza jubilatu gabe dauden alargunengana zabalduko dugu".
  • "Adinekoen egoitzan eta zentroan plaza berriak sortuko ditugu".
  • "Autismoa duten pertsonentzat zentroa irekiko dugu, eta emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko baliabideetan sakondu".
  • "Gurera datozenentzat harrera protokoloa indartuko dugu".

Etxebizitza

  • "Herritarren beharrei erantzuteko etxebizitza politika egingo dugu".
  • "Alokairu sozialeko 47 etxebizitza egingo dira Esklabetan, eta alokairurako dirulaguntza ematen jarraituko dugu. Gainera, Alde Zaharrean 20 etxebizitza birgaituko dira".
  • "Babes ofizialeko eta udal sustapeneko etxebizitza batzuk esleitu dira, eta agintaldi hasieran beste hainbaten zozketa egin nahi dugu".

Hirigintza

  • "Mantenu lanei, obra txikiei eta azpiegiturak hobetzeari garrantzia berezia emango diegu Adibidez, Zelai Luze eta Enparan dorretxea elkartzeko obra egingo dugu".
  • "Juan XXIII eta Bustinzuriko Errebala eraberrituko dira, eta beste hainbat auzotako proiektuak bizilagunekin adostuko ditugu".
  • "Alberdi Enean aparkalekua egingo da, Urrestillako bidegorria bukatuko dugu, baita Lapatx zigilatzea ere".
  • "Soreasuko sormen gunearen bigarren fasea egingo da, eta herrian liburu denda bat irekitzeko proiektua landuko da. Horrez gain, herriko kirol proiektua sustatuko da taldeekin elkarlanean".

Elkarbizitza

  • "Sufrimenduaren aitortza eta errekonozimentua presente izango ditugu, sektore guztietako biktimentzat, salbuespenik gabe".
  • "Egun giza eskubideen urraketak jasaten dituztenen sufrimendua gainditzeko lan egingo dugu; euskal presoena eta familiena".
  • "Erabakitzeko eskubidearekin bat egiten dugu, eta herritarrak politikaren lehen lerroan jarri nahi ditugu. Berdintasun balioen baitan eraikitako Euskal Herri libre batean kokatzen dugu gure burua".
    Proiektu guztietan "berdintasun balioak zein herritarren parte-hartzea" izango ditu EH Bilduk ardatz. "Zeharkako izaera izango dute parte-hartzeak, genero berdintasunak, inklusibitateak, euskarak, kultur ondarearen transmisioak eta ingurumenak".