Udal eta foru hauteskundeak 2019

Oscar Murillo: "PSE-EE geratzeko asmoz doa Azpeitira"

Uztarria.eus 2019ko mai. 15a, 20:45

Maiatzeko Uztarria aldizkarirako hilaren 26ko udal hauteskundeetako Azpeitiko hiru alkategaiei egindako elkarrizketak irakurgai izango dira gaurtik ostiralera webgune honetan; lehendabizikoa, Ane Olaizola kazetariak Oscar Murillo PSE-EEren zerrendaburuari egindako hau. Azken udal hauteskundeetako joerarekin amaitu eta Udalean ordezkaritza lortu nahi du PSE-EEk. Murillo bigarrenez aurkeztu da alkategai.

Zuzenbide ikasketak eginda, PSE-EEko kontrol eta administrazio lanetan dihardu Oscar Murillok (Donostia, 1956). Donostiarrak 2003an egin zuen politikarako jauzia, Legazpiko Udalean PSE-EEren zinegotzi kargua hartu zuenean. Bi agintaldi egin zituen hango udalean, zinegotzi eta bozeramaile lanetan.

Duela lau urteko udal hauteskundeetan ere PSE-EEren Azpeitiko zerrendaburu izan zinen. Zerk eraman zaitu hautagaitza berriz errepikatzera?

Aurreko hartan oso eroso sentitu nintzen, eta horregatik erabaki dut berriz zerrendaburu aurkeztea. Duela lau urte, une jakin ba-tzuetan soilik egin nuen PSE-EEren kanpaina, eta oso eroso sentitu nintzen. Beraz, alderdiko kideek Azpeitiko alkategai izateko aukeratu nindutela esan zidatenean, gustura onartu nuen eskaintza, duela lau urte ez bainuen ezer negatiborik jaso. Orain, gainera, bizitzako garai lasaiagoan nago.

Zer harreman duzu Azpeitiarekin?

Ez dut familia arteko loturarik herriarekin, baina lagun batzuk baditut han. Izan ere, Gipuzkoako Judo Federazioko presidentea izan naiz urteetan, eta Gipuzkoako ia herri guztiak ezagutu ditut horri esker.

Herriarekin loturarik izan ez arren, ezagutzen al duzu?

Bai, noski, fisikoki ezagutzen dut. Harriak eta monumentuak izugarri gustatzen zaizkit, eta beraz, Loiolako Santutegian ere izan naiz. Azpeitiko kaleak ere ezagutzen ditut, eta ez nintzateke han galduko; badakit herriko plazara nola iritsi. Azpeitia herri polita eta oso erosoa da, hori da behintzat herriari hartu diodan itxura. PSE-EEren kanpaina askotan egon naiz, eta lan horri esker ere, Gipuzkoako herri asko ezagutu ditut. Fisikoki ezagutzen ditut herriak, baita Azpeitia ere, baina ez dakit herriaren egunerokotasuna zein den. Dena den, konpromiso sozialistak hartu eta egitekoen vademecuma eramango dut Azpeitiko Udalera.

Jarraitu al duzu amaitzear den Azpeitiko agintaldia?

Egia esateko, gutxi jarraitu dut. Badakit agintaldiaren hasieran EH Bilduren eta EAJren artean liskar batzuk egon zirela hainbat gairen inguruan. Baina ez dut uste politikoki herri gatazkatsua izan denik Azpeitia. Ez dakit plan urbanistikoei dagokienez arazorik ba al dagoen, eta orain hasiko naiz aztertzen, esaterako, Babes Ofizialeko Etxebizitzen gaia nola dagoen herrian. Izan ere, uste dut Azpeitian nahiz gainerako herrietan egon daitezkeen gai mekanikoak direla horiek. Gaiaren inguruan hitz egin dut, esaterako, Janire Igoa Azkoitiko PSE-EEren alkategaiarekin.

Identifikatuta al duzue nola hobetu daitekeen Azpeitia?

Duela lau urte hondakinak biltzeko atez atekoaren gaia zegoen puri-purian, baina ikusten dugu gai hori dagoeneko gaindituta dagoela. Iruditzen zitzaigun hondakinak kudeatzeko guk proposatutako irizpidea zela arrazionalena, baina tira... Batez ere, Babes Ofizialeko Etxebizitzei jarriko diegu arreta, eta gure asmoa da etxebizitza horiek alokairuan jartzea, hori izango litzatekeelako neurririk zuzenena edozein lekutan; bai Donostian, baita Azpeitian ere. Etorkizunak bide horretatik joan beharko lukeela uste dut, eta horretan egin behar dugu lan. Ikusi behar da, ordea, zein diren Azpeitiko errealitatea eta herritarren eskariak, baina ez dut uste Azpeitia apartekoa denik gainontzeko herriekin alderatuta.

Enpleguari dagokionez, badakit urte txarragoak igaro dituztela Azpeitian. Baditut Azpeitiko altzari enpresetan lan egin duten lagunak, eta jarraitu nuen Corrugados enpresaren lan gatazka ere, sindikatuetan adiskideak nituelako. Baina egoera horri guztiari buelta eman diote, eta horrek asko pozten nau, tarte horretan PSE-EEk Udalean gobernatu ez badu ere. Izan ere, azken urteetan jaso dudan esperientzia politikoak erakutsi dit pertsonak direla garrantzitsuenak, haien etiketen eta alderdien gainetik. Finean, pertsonak dira gauzak egiten dituztenak, eta ideien arteko eztabaida egotea da funtsezkoena. Batzuetan, beharrezkoa da dogmak kentzea.

Zer sumatzen duzu faltan Azpeitian? Eta zeintzuk dira herriaren indarguneak?

Gutxi esan dezaket horri buruz. Are gehiago, Legazpin zinegotzi izan nintzenean ondorioztatu nuen oso gutxi ezagutzen dugula lurraldea: Donostiako jende askok galdetzen zidan Legazpiren eta haren kokapenaren inguruan. Gezurra esango nizuke Azpeitiaren egunerokotasuna ezagutzen dudala adieraziko banizu, baina baditugu han ere ezarri ditzakegun irizpide orokor batzuk. Uneotan, ez naiz etorkizuneko proiektuen inguruan hitz egiteko gai, ordea. Azpeitia eta Azkoitia arteko errepidea da gehien ezagutzen dudana, eta ikusi dut han etxebizitzak eraiki dituztela. Hori ona dela uste dut; izan ere, beti esan izan dut azpiegitura guztiak onak direla herri eta hiri batentzat. Hemen, Donostian, zenbaitek esaten du metroa egiten dirutza gastatu dutela, baina hasiera batean, azpiegitura oro da ona. Biharko egunean, Altzako bizilagun bat hamar minutuan irits badaiteke Kontxara, hori ona da, besteak beste, lurrazaleko arazoa arintzen laguntzen duelako azpiegitura horrek.

Zein dira zuen programako puntu garrantzitsuenak?

Oraindik bukatu gabe dugu programa, baina etxebizitzak, ongizatea eta sozialismoaren eta ezkerraren ezaugarriak indartzea izango dira puntu garrantzitsuenak.

Bi agintaldi eta erdiz izan zinen PSE-EEren zinegotzi Legazpiko Udalean. Nolakoa izan zen hango esperientzia?

Udalean jarduteko esperientzia neureganatu nuen Legazpin. 2003an sartu nintzen hango Udalean, eta gizartearentzat urte latzak izan arren, inongo arazorik gabe egokitu nintzen herrira. Udalean egon nintzen agintaldietan, EAk eta ANVk izan zuten alkatetza, eta oso hartu-eman zuzena eduki nuen guztiekin. Gogoratzen naiz zinegotzi nintzela, ETAk Isaias Carrasco hil zuela eta tentsio handiko uneak bizi izan nituela. Baina orokorrean, giroa zuzena zen guztion artean, eta elkar errespetatzen genuen.

Azpeitiak eta Legazpik badute antzekotasunik, industria delako bi herrietako jarduera ekonomiko nagusia. Dena den, Legazpin PSE-EEren taldea finkatuta zegoen, eta hori da, beharbada, Azpeitiarengandik bereizten duena. Dena den, gure helburua da Azpeitiko Udalean egotea, eta luzera begira, gainera.

Nola aurreikusten dituzu datozen udal hauteskundeak?

Alderdiaren barruan baikortasun handia nabari dut, sentimendu horrek gero botoetan zer isla izango duen ez dakidan arren. Duela lau urte, esaterako, oso tentagarriak ez ziren planteamenduekin hasi genuen udal hauteskundeetako kanpaina, baina hautagaiak zein kanpainan lan egin zuten lankideak izan ziren egoerari buelta eman ziotenak. Alderdi sozialistak, zentzu horretan, beti egin du lana ongi, betidanik eduki baititu garbi irizpideak. Beharbada, hori da talde ezkertiarren artean berezi egiten gaituena.

Erronkarik jarri al duzue Azpeitiko datorren agintaldiari dagokionez?

Jokoan, hau da, Udalean sartzea da gure aurreneko helburua. Azken agintaldietan ez dugu izan lekurik Azpeitiko Udalean, eta guk ere han egon nahi dugu, guretzat ere lekua badagoelako. Egia da gertutik eta bertatik bertara lan egingo bagenu, gehiago irabaziko genukeela, baina zaila da hori, eguneroko errealitateak asko eragiten duelako.

Zuen asmoa Udalean ordezkaritza lortzea eta hurrengo agintaldietan horri eustea dela diozu.

Bai, noski. PSE-EE han geratzeko asmoz doa Azpeitira. Orain arte, egoerak izan diren bezalakoak izan dira, eta badago ezkutatu ezin daitekeen errealitate politiko bat: batzuok jazarri egin gaituzte, eta beste batzuk, ez. Hori errealitate objektibo bat da; gero, bakoitzak jazarpenaren jatorriaren eta prozesuaren iritzi pertsonala izango du. Duela urte eta erdi, esaterako, nire aitonaren gorpua Burgosko (Espainia) bide bazter batean aurkitu zuten lurperatuta. Gertaera horrek asko markatu nau; esaterako, umea nintzenetik esan izan didate ezin nuela hitz egin gauza batzuei buruz. Auzi horri politikoki irtenbidea emateko gai izan behar dugu.

Badira hiru agintaldi PSE-EEk ez duela ordezkaririk Azpeitiko Udalean. Zer aukera du orain alderdiak han sartzeko?

Aukerak badaudela uste dut. Gaur egun alderdian eta militanteengan dagoen baikortasuna ez zegoen duela lau urte.

Zerk eraman zaituzte baikortasun horretara?

Hausnarketa pertsonala da honako hau: EH Bilduren, PSE-EEren eta Elkarrekin Podemosen artean banatzen da Euskal Herrian ezkerra. Indar handiarekin sortu zen Elkarrekin Podemos, baina jendeak orain desilusioa du harekiko, besteak beste, egunero politika egitea oso zaila delako. Dudan sentipena da Elkarrekin Podemosek pentsatu zuela politika 100 metroko lasterketa zela, baina hau iraupen lasterketa da. Herritarrek orain ikusi dute alderdi sozialistak hor egoten jarraitzen duela egoera onetan zein txarretan. Lehen, PSOE oztopo bat zen, alderdia kasta zelako edota baroiak zituelako, baina sentipen horrek bumeran efektua izan du. Egoera ezkorra izanagatik, koherentzia politikoa izaten jarraitu du alderdiak. Ia talde guztiekin akordioetara iristeko gai izan da, eta hori herritarrek positibotzat jo dute.

Azpeitian, azken udal hauteskundeetan beheraka joan da herritarrek PSE-EEri eman dioten boto kopurua. Zerk eragin du jaitsiera hori?

Alderdia ez zegoen egoera onean. PSE-EEk ez ditu urte onak izan, eta alderdiak pertsonak diren heinean, haiek ere ez dute ondo pasatu. Egoera hori, gainera, ez da egun batetik bestera aldatzen. Egia da indarkeria amaitu egin dela eta orain bizkartzainik gabe ibiltzen garela, baina hori ez da goizetik gauera gertatu, eta denbora behar da berriz indartzeko. Orain, ordea, Gipuzkoako hainbat udalerritan lehen zuen ordezkaritza berreskuratzeko prest dago PSE-EE, eta herri horietako bat da Azpeitia.

Herritarrek zergatik bozkatu behar diote PSE-EEri?

Edozein egoeraren aurrean egonkortasuna bermatuko lukeelako PSE-EEk. Horrez gain, egiten diren politikak arrazionalagoak izango liratekeelako. Alderdia praktikoa da, batez ere luzera begira.
Sistema demokratikoa egituratuta dagoen bezala, herritarrek badute aukera beren botoa alda-tzen joateko, eta horren aldekoa naiz ni; ikusten baduzu alderdi batek huts egin dizula, lau urte barru beste bati bozka diezaiokezu. Irabazten eta galtzen jakin behar dugu, baina alderdi nazionalistek bestelako jarrera erakusten dutela ohartu naiz: irabazten dutenean ez bezala, emaitza txarrak izaten dituztenean, zalantzan jartzen dute demokraziaren funtzionamendua bera. Udalbatzar askotan egon naiz, eta horietan egindako ia bozketa gehienak galdu egingo nituen, baina ez dut sentitzen ezer galdu dudanik, bat egiten nuenaren alde egiten nuelako. Hori da alderdi sozialistaren funtsa.

PSE-EEk Azpeitian ordezkaritza lortuko balu, zer rol jokatuko luke Udalean?

Alderdi politiko guztien nahia da gobernatzea eta bere programa aurrera eramatea, eta horixe izango da PSE-EEren egitekoa ere: gure programa herritarren artean ahalik eta gehien hedatzea.

Azpeitiko alderdikideekin harremanik ba al duzu?

Bai, alderdikide batzuk ezagutzen ditut, baina harreman handiagoa dut Azkoitikoekin, han PSE-EEk espazio fisikoa ere baduelako. Dudan lanak bultzatu nau Gipuzkoa osoan zehar ibiltzera, eta tartean Azpeitira joatea ere egokitu zait. Aurrerantzean, gainera, harreman gehiago izango dut Azpeitiko alderdikideekin.

 

 

Motzean

Txoko bat?

Loiolako Santutegia.

Asteburuko plana?

Familiarekin egotea.

Beldurra zeri?

Ezertxori ez.

Haserretu zerk?

Klasismoak.

Eta pozten zaitu?

Helburua jarri eta betetzeak.

Zer bertute duzu?

Pazientzia daukat.

Eta zer akats?

Jendearekin fidatzen naizela.

Zeurekiko egiten duzun galdera?

Klima aldaketa geldituko al dugu?

Amets bat?

Bidaiatzeko denbora izatea.

Nor miresten duzu?

Manuel Elkin Patarroyo.

Politikari bat?

Alfonso Guerra.

Gogoko duzun bertutea?

Konstantzia.

Gogaitzen zaitu?

Begirunerik ezak.

Liburu bat?

La tabla de Flandes.

Pelikula bat?

Erase una vez en America.

Kanta bat?

La carcel.

Janari bat?

Legatza saltsa berdean.

Zer proposatzen du PSE-EEk?

PSE-EE alderdiak konpromiso "etiko eta politikoetan" oinarritutako hauteskunde programa osatu du Azpeitirako. Gardentasuna, aniztasuna, elkarbizitza, berdintasuna eta gizartearekiko konpromisoa oinarri hartuta kudeatu nahi du udala. Alderdi sozialistak lehentasuna emango die agenda sozialari eta zerbitzu publikoak hobetzeari. PSE-EEk azaldu duenez, herriaren garapen jasangarria sustatzeko kudeaketa programa "serioa eta zehatza" osatu du.

Ekonomia

  • "Kalitatezko enplegua bultzatuko dugu. Horrez gain, tokian tokiko eta bailarako askotariko planen bitartez, herritarren lan munduratzea sustatuko dugu".
  • "Lan munduratzeko zailtasun bereziak dituzten herritarrei laguntzeko programa zehatzak ezarriko ditugu".
  • "Herriko ekonomia sustatzeko hainbat laguntza eman eta babes planak garatuko ditugu, beti ere, tokiko merkatari txikiak lehenentsita".

Gizartea

  • "Pertsonak babestea eta horien duintasuna bermatzea izango da gure lehentasuna. Horretarako, kolektibo zahurgarrienengan jarriko dugu arreta, hala nola adinekoengan, haurrengan, gazteengan zein gizarte bazterkeria jasateko arriskuan dauden herritarrrengan".

Etxebizitza

  • "Babes Ofizialeko Etxebizitzetan jarriko dugu arreta nagusia, eta gure helburu nagusia da etxebizitza horiek herritarrei alokairuan eskaintzea; izan ere, uste dugu hori dela etorkizunerako bidea".

Ingurumena

  • "Energia erangikortasuna bermatzeko konpromisoa hartuko dugu”.
  • "Naturklima klima aldaketaren Gipuzkoako fundazioarekin lankidetzan ariko gara, herrian ekintza zehatzak indartu ahal izateko”.

Turismoa

  • "Turismo jarduera jasangarriak sustatuko ditugu, lanpostuen kalitatea eta sektorearen profesionalizazioa aintzat hartuta".
  • "Turismoak ekonomikoki jasangarria izan behar du, eta sektore hori baliatuko dugu lurralde kohesioa lortzeko".

Parekidetasuna

  • "Tokiko kontratazio publikoaren bidez, parekidetasunaren aldeko ekintza eta programa zehatzak martxan jartzen dituzten enpresak eta lantegiak sarituko ditugu".
  • "Berdintasunean oinarritutako hartu-emanak sustatzeko, horretara bideratutako udal plana osatuko dugu".

Besterik

  • "Herrien arteko garraio publiko jasangarriaren aldeko apustua egingo dugu, zerbitzu horrek gizarte eta lurralde kohesioan eragin dezan".