Udal eta foru hauteskundeak 2019

Bi emakume, xede bat

Uztarria.eus 2019ko mai. 15a, 19:42
Ezkerretik eskubira, Amaia Etxeberria, Anartz Izagirre eta Nagore Alkorta, atzoko hamai inguruan.

Maiatzaren 26ko udal hauteskundeetan azpeitiarrek aukeran izango dituzten hiru alkategaietako bik, Nagore Alkortak (EH Bildu) eta Amaia Etxeberriak (EAJ), luze eta zabal hitz egiteko aukera izan zuten atzo iluntzean Sanagustin kulturgunean, Urola Kostako tokiko hedabideek elkarlanean antolatutako mahai inguruan. Hitzorduak ikusmina piztu zuen, eta betekada handia hartu zuen Sanagustinek.

Politikagintzak garai bateko interesik ez duela pizten diotenek iritzi hori aldatzeko ez, agian, baina zalantzan jartzeko arrazoiren bat topatuko zuten, beharbada, atzo iluntzean Sanagustin kulturguneak zuen itxura ikusita. Datorren maiatzaren 26ko udal hauteskundeetarako eskualdean aurkeztu diren alkategaiekin herriz herri mahai inguruak antolatu dituzte Urola Kostako tokiko hedabideek elkarlanean. Atzo Azpeitikoen txanda izan zen, eta Sanagustin jendez bete zen Nagore Alkortak (EH Bildu) eta Amaia Etxeberriak (EAJ) esateko eta proposatzeko zutena entzuteko; hirugarren alkategaiak, Oscar Murillok (PSE-EE), ez zuen parte hartu. Bi hautagaien zerrendakideak eta alderdikideak ziren asko, baina bestelako ikus-entzuleak ere mordoska ziren; helduak gazteak baino gehiago, hori ere bai.

Garaiz bete zuten kulturgunea ikus-entzuleek, eta esandako orduan, 19:00etan, hasi zen mahai ingurua. Protagonistak aurkeztuta, solasaldian mahai gainean jarriko ziren gai edo bloke nagusiak azaldu zituen moderatzaileak, Anartz Izagirre Uztarriako kazetariak: ekonomia, gizartea, hirigintza eta azpiegiturak, hautagaiek definitu beharreko hainbat hitz, eta bakoitzak mahai ingurua bukatu aurretik izango zuen minutu bateko tartea –bi ere izan ziren azkenean–.

Kultura dela eta

Hala ere, mami horri ekin aurretik, Azpeitiak lehen aldiz "ia seguru" emakume bat izango duela alkate gogorarazi zien Izagirrek bi hautagaiei, eta horren gainean zuten iritziaz galdetu zien. Alkortarentzat, "Azpeitia bizitzen ari den eraldaketaren adierazlea da" herrian nagusi diren bi alderdien alkategaiak emakumeak izatea, eta "garrantzitsua iruditzen" zaiola esan zuen. "Oso berezia izango dela pentsatzen dut, bai bera edo bai ni alkate ateraz gero, Udalak eramango duen bidea ikustea. Uste dut Udalaren barruan ere nabarituko dela aldaketa", adierazi zuen Etxeberriak.

Kanpaina giroan alkategaiek egindako adierazpenei eta zabaldutako mezuei ere heldu zien moderatzaileak. Horrela, Etxeberriari galdetu zion Azpeitiak garai batean zuen erreferentzialtasuna berreskuratzeaz ari zenean, zer esan nahi zuen. EAJren hautagaiak industriari dagokionez herriak galdu duen "indarra" aipatu zuen batetik, eta kultura eta euskara bestetik; azken bi esparru horietan "lehen izan zuen erreferentzialtasuna galdu" zuela, "baina pixkana-pixkana berreskuratzen" ari dela esan zuen. Alkortaren txandan, herria hobetzen jarraitu nahi dutela dioenean zertaz ari den izan zen galdera. EH Bilduren alkategaiak, ordea, EAJkoak erreferentzialtasuna galdutako arloez esandakoari erantzuteko baliatu zuen hitzartze hori. "Azpeitiak erreferentzialtasuna galdu duela adierazi du justu kultur arloan, eta gu ez gaude batere ados adierazpen horiekin; uste dugu egia desitxuratzea dela", erantzun zuen. Herriak gaur egun duen kultur dinamika aurretik "inoiz" ez duela izan uste du Alkortak, azken urteetan martxan jarri diren azpiegiturak nabarmendu zituen, eta horiek gauzatzeko Udalak, Kultur Mahaiak eta hainbat eragilek jorratutako elkarlana goraipatu zuen.

Elkarlana dela eta

Mahai inguruak iraun zituen ordubete eta hamabi minutuetako talka nabarmenenetakoa izan zen hasierako hori. Ekonomia sustatzeko neurriak, herritarren ongizatea bermatzeko zerbitzuak eta laguntzak, etxebizitza sozialak eta alokairua, azpiegiturak... Bakoitzak bere ñabardurekin, bakoitza bere ikuspuntuarekin, baina lehentasunetan nahikoa bat etorri ziren bi hautagaiak.

EH Bildu Udal Gobernuan egon den azken bi agintaldietan egindakoak azaldu eta goraipatu zituen Alkortak, datu eta xehetasun ugari mahai gainean jarrita, eta ekindako bidetik pausoak ematen jarraitzeko asmoa agertu zuen, dagoeneko martxan dauden proiektuak borobilduz edota berriak martxan jarriz, Udalak onartutako Azpeitia 2025 plan estrategikoan jasotakoak oinarri hartuta. Etxeberriak, bere aldetik, behin baino gehiagotan azpimarratu zuen EAJk ere baduela partea Udalaren azken urteetako proiektuetan, oposiziotik elkarlanerako eta ekarpenak egiteko erakutsi duen prestutasuna goraipatuz. Gizarte zerbitzuak, hirigintza eta azpiegiturak hizpide zituztela, EAJk Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin dituen "harremanak" ere ahotan hartu zituen behin baino gehiagotan jeltzaleen alkategaiak.

Udalean ordezkaritza duten bi alderdien arteko elkarlan girora itzulita, azken lau urteotan aho batez hainbat erabaki hartu dituztela eta "akordio askotara heldu" direla gogoratuta, hauteskundeetan emaitza dena delakoa izanda ere elkarlanean segitzeko asmoa al duten galdetu zien moderatzaileak alkategaiei mahai inguruaren azken txanpan, eta hor etorri zen iluntzeko momentuetako bat. "Azken bi agintaldietan gehiengo osoarekin gobernatu arren", EH Bilduk "elkarlanerako apustua beti egin izan" duela nabarmendu zuen Alkortak, "herri osoarentzat gobernatzen duela" gogoan izanda. Etxeberria ere bat etorri zen bi alderdien arteko "elkarlan txukuna" goraipatzerakoan, baina gaineratu zuen EAJk "beti" jarraitu izan duela elkarlanaren ildoa, eta EH Bilduren jarrera aldaketaz hitz egin zuen: "Egia da azken urteetan EH Bilduk zoriontzeko moduko lana egin duela, EAJren ibilbidera sartu baita, eta horrek eman du elkarlanerako aukera bat". Ikus-entzuleen artean irribarre bat baino gehiago eragin zituen Etxeberriaren esaldiak, eta segituan hartu zuen berriro hitza Alkortak –"barkatuko didazu erantzutea, e"–, hari erantzuteko: "EH Bildu ez da sartu EAJren ibilbidera, EH Bilduk bere ibilbidea eta erraia markatuta utzi ditu, posizionamendu politikoa ere bai. Uste dut EAJ izan dela EH Bilduren ekimenak ontzat eman dituena, aldeko botoa eman duen heinean".

Azpeitiko mahai ingurua osorik ikus nahi duenak, Uztarria.eus-en eta Erlo Telebistaren webgunean du ikusgai. Sanagustingo solasaldiaren ondoren herritarrek ez zuten hautagaiei galderak egiteko aukerarik izan. Datorren astean, ordea, EH Bilduren eta EAJren alkategaiei on line elkarrizketak eskainiko dituzte atari honetan, eta horietan nahi adina galdera egiteko aukera izango dute.