Udal eta foru hauteskundeak 2019

Juan Karlos Izagirre: "Interesgarriak iruditzen zaizkigu Azpeitikoa bezalako Emakume Txokoak"

Uztarria.eus 2019ko mai. 13a, 17:08

Juan Karlos Izagirre EH Bilduren Gipuzkoako ahaldun nagusigaia Azpeitian izan da gaur, astelehena, eta harekin batera agerraldia egin dute Oihana Etxebarrieta legebiltzarkideak, Nagore Alkorta EH Bilduren alkategaiaak eta Estitxu Elduaien Azpeitiko zinegotzi eta Gipuzkoako Batzar Nagusietarako EH Bilduren hautagaiak. Emakumeen Txokoan izan dira laurak, eta Izagirrek adierazi du aldundiaren eta mugimendu feministaren arteko "lankidetza iraunkorra bultzatzeko konpromisoa" duela EH Bilduk: "Bide horretan, interesgarriak iruditzen zaizkigu Azpeitikoa bezalako Emakume Txokoak edota beste hainbat tokitako Emakumeen Etxeak".

Izagirrek berretsi du herritarrei entzun egin behar zaiela eta horiekin batera hartu behar direla erabakiak. Haren aburuz, horretan eredu da Azpeitiko Udalak kultur eta berdintasun arloetan egindako kudeaketa. "Ez da adibide bakarra, hor ditugu besteak beste, Orereta edo Iruñea. Iruñea, ezin da ukatu, erreferente bihurtu da berdintasunean. Hori lortu bada izan da Udalak eta erakundeek herri mugimenduekin elkarlanean egin dutelako lana, kasu honetan mugimendu feministarekin eta Iruñeko gainerako herri mugimenduekin".

Izagirrek gaineratu duenez, feminizatutako lan esparruak "duintzea" da EH Bilduren erronka: "Aldundiaren menpe dauden eremuetatik hasita, lizitazioetan lan baldintzak duintzea bermatuko dugu. Kontratazio publikoan zein laguntza publikoetan, berriz, emakumeen diskriminazioa eragin dezaketen proiektu eta proposamen guztiak baztertuko ditugu". Etxebarrietak gogorarazi du emakumeen etxeak eta txokoak "mugimendu feministaren aldarrikapen historikoa” izan direla. "Politika feminista bultzatzeaz gain, tokian tokiko emakumeentzat erreferentziazko gune bihurtu dira, eta ezinbestekoak dira emakumeek udalerriko politikan eta bizitzan parte hartzeko. Gainera, tokian tokiko beharretara egokitutako kudeaketa dute, udalen, mugimendu feministaren eta emakume taldeen artean partekatutakoa". Bestalde, legebiltzarkideak esan du EH Bilduren eredua dela indarkeria matxistari aurre egiteko inbertsioak egitea, zaintzari nahiz ongizateari lehentasuna aitortzea eta prekarietatetik ateratzeko bitartekoak aktibatzea: "Horretarako, mugimendu feministarekin eta sektoreko eragileekin elkarlanean aritzeko borondatea dugu instituzioetako ordezkari edo hautagai garen EH Bilduko kideok".

Argazkia, ezkerretik eskuinera, Estitxu Elduaien, Oihana Etxebarrieta, Juan Karlos Izagirre eta Nagore Alkorta. (Argazkia: EH Bildu)