Joseba Albizuk irabazi du Gigante de Piedra Small proba

Gigante de Piedra Small txirrindularitza probaren laugarren edizioa jokatu dute gaur Sant Joan de Moron (Castello, Herrialde Katalanak), eta Joseba Albizu txirrindulari azpeitiarra nagusitu da lasterketan. Inguruotako txirrindularitza proba gogorrenetakoa da Albizuk irabazi duena: 120 kilometro eta 3.600 metroko desnibela ditu ibilbideak. Azpeitiarrak bost ordu, 55 minutu eta 22 segundo behar izan ditu helmugara iristeko, bigarren postua Eric Gilek (06:13:48) eskuratu du, eta hirugarrena, Llibert Millek (06:21:02).

Gaur jokatu dutena Gigante de Piedraren lasterketa motza izan da, eta lehenengoz irabazi du azpeitiarrak. Datorren ekainaren 1ean lasterketa luzea –200 kilometroko ibilbidea eta 6.500 metroko desnibel positiboa ditu– jokatuko dute, Castellon bertan. Iaz Albizuk irabazi zuen proba hori, eta aurten ere han izango da txirrindulari azpeitiarra.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide