Udal eta foru hauteskundeak 2019

Azpeitiak "lehen zuen erreferentzialtasuna" berreskuratzeko lantaldea osatu du EAJk

Uztarria.eus 2019ko mai. 4a, 13:53

Azpeitiko EAJk maiatzaren 26ko udal hauteskundeetarako osatu duen hautagai taldea aurkeztu zuen atzo, ostirala, Basazabal jauregian. Amaia Etxeberria Azpeitiko EAJren zerrendaburuak gidatu zuen ekitaldia, hautes zerrendako gainontzeko kideak ondoan zituela. Haiekin batera izan zen Maria Eugenia Arrizabalaga Deba-Urola barrutiko zerrendaburua.

Etxeberriak Azpeitirako dituen asmoak zein diren azaldu zuen atzoko saioan. Haren arabera, "aurrera egiteko eta garatzeko aukera asko" ditu Azpeitiak, baina azken urteetan ez da "nahikoa pauso" eman. "Iruditzen zait herria geldialdi egoera batean murgilduta dagoela", esan zuen. Egoera horri buelta eman eta etorkizuneko Azpeitia eraikitzeko lanean hastea "ezinbestekoa" dela azpimarratu zuen alkategaiak. "Lehen zuen erreferentzialtasuna berreskuratu behar du Azpeitiak, eta Gipuzkoan herri erreferente bat izan behar du berriz".

Hori izango da Etxeberriaren lantaldearen erronka datozen hauteskundeetara begira. "Eraldaketa bultzatzea" dute helburu, "Azpeitia biziberritzea". Hori lortzeko, lantalde "polita eta sendoa" osatu dute. "Esperientzia, aniztasuna, berrikuntza, lanerako gogoa, ilusioa eta gaitasun handia duen talde irmoa eta kohesionatua gara. Hainbat alorretan esperientzia eta prestakuntza dugun kideok osatzen dugu Azpeitia herri sendo izatera eramango duen taldea".

Honako hauek dira Etxeberriarekin batera hautes zerrenda osatzen duten kideak: Rebeka Larrañaga Udabe, Ander Ugarte Preciado, Izaskun Abaunz Garate, Aritz Azpiazu Mateo, Yon Beristain Mendo, Alberto Frantzesena Orbegozo, Mamen Alberdi Uria, Ane Gil Izagirre, Antonio Gallarin Mendoza, Beatriz Prat Arrizabalaga, Aritz Ansorregi Usatorre, Nerea Etxeberria Lizaso, Juan Mari Gajate Eizmendi, Jabier Larrañaga Garmendia, Mari Karmen Arozena Orbegozo, Iñaki Sagarzazu Izeta, Maria Asuncion Etxaniz Udabe, Juan Ramon Tolosa Gimeno eta Nerea Aldai Garate.

Lau ardatz nagusi

Lau ardatz nagusi izango ditu EAJk Azpeitirako prestatu duen proposamenak. Herriko ekonomia "babestea eta bultzatzea" izango da zutabe horietako bat. Etxeberriaren arabera, Azpeitiko garapen ekonomikoa "eskasa" izan da azken urteetan, eta horregatik, "lan falta, langabezia tasaren igoera, eta azpeitiarren lan baldintzak aldatzea ezinbestekoa" da. Horretarako, herrian bertan dauden azpiegiturak eta baliabideak eraldatu behar direla uste du Etxeberriak. "Herriko insdustria biziberritu behar da, industriari bizia eman behar zaio berriz, eta horrekin batera, turismoa, merkataritza eta lehen sektorea bultzatu behar dira".

Azpeitiak biziberritze urbano bat ere behar duela uste du talde jeltzaleak. "Azpiegitura onak ditugu, badugu oinarri bat, baina orain arte eman dutena baino gehiago eman dezakete". Horren harira, badute "proiektu garrantzitsu" bat, "herriaren garapenerako eta ongizaterako ezinbestekoa" dena: saihesbidea. "Proiektuari helduko diogu berriz, eta gaur egungo egoerara moldatzeko lanean hasiko gara", azaldu zuen Etxeberriak.

Gizarte babesa indartzeko plan berezi bat lantzen ere ari dira jeltzaleak, "adineko pertsonen ongizatea babestuko duena". EAJk "gizarte politika aktiboak" bultzatuko ditu, "zerbitzu integralak eta programa berriak" martxan jarrita. "Dagoeneko badugu lanean ari den sare inportante bat, herriko boluntario taldeak, eta haiekin elkarlanean jardungo dugu". Etxebizitza sozialen aldeko "politika aktibo bat" ere martxan jartzea aurreikusita dute, "gaur egungo errealitatearen beharrei erantzungo diena".

Kultur arloa ere hizpide izan zuen Etxeberriak, eta Azpeitia kulturalki "berriz Euskal Herrian erreferente" izateko lan egingo dutela nabarmendu zuen. Herriko azpiegiturak izan zituen hizpide, Basazabal jauregia eta Soreasu, esaterako, eta horiek ere eraldatzeko beharrari egin zion keinu. Gazteen etorkizuna ere kontuan hartu behar dela gehitu zuen, haien erronkei erantzungo dien "hezkuntza sare irmo bat" garatuz.

Etxeberriaren arabera, Azpeitiak badu "itzaletik ateratzeko nahikoa argi eta indar". "Azpeitia biziberrituko duen proiektu bat gara gu, eta orain arte egin dugun bezala, herria eta herritarrak politika neurri guztien erdian jartzen jarraituko dugu. Orain arte bezala, elkarbizitza izango da gure iparrorratza”. Hori guztia "herri estrategia bat" dela azpimarratu zuen alkategaiak, "ez alderdi estrategia bat". "Garai berrietara egokitu behar gara, eta horretarako gogoz gaude", erantsi zuen.

Alkategaiaren segidan, Arrizabalagak hartu zuen hitza. Besteak beste, Eusko Alderdi Jeltzalearen ereduarekin bat egiteko deia egin zuen. "Gure eredua ez da inoren gainetik jartzea, edo inor deskalifikatzen jardutea. Abertzaleok abertzale baldin bagara, ezer baino lehen, gure herria errespetatu behar dugu. Ondoren, gure herria errespetaarazi behar dugu, eta inoiz egin behar ez duguna da herriaren gainetik geure burua jartzea da. Ez herriaren gainetik, ezta herritarren gainetik ere. Eta beraz, eman bidea Amaia Etxeberriari, eman bidea Azpeitiari, eman bidea Gipuzkoari, eta gora Euskadi askatuta!", esanez amaitu zuen hitzartzea.