McEnroe taldeak 'La distancia' diskoa aurkeztuko du zapatuan, Sanagustinen

Bizkaiko taldeak Euskal Herrian eskainiko duen lehen kontzertua izango da Azpeitikoa, eta MOW musikariaren ondotik igoko da Sanagustingo taulara. Sarrerak eros daitezke dagoeneko.

Isilune luze baten ondoren, La Distancia disko berria kaleratu du McEnroe taldeak, eta azken lanaren aurkezpen biraren bigarren kontzertua eskainiko du taldeak datorren zapatuan, hilaren 4ean, Azpeitian. 23:00etan hasita, Sanagustin kulturgunean eskainiko dute kontzertua, MOW musikari madrildarraren ondotik, eta harako sarrerak salgai daude dagoeneko kulturgunean eta www.kulturaz.eus atarian. Aurrez, 13 euroan eros ahal izango dira sarrerak, eta egunean bertan, 16 euroan salduko dituzte.

Lau urte igaro dira McEnroe Bizkaiko taldeak Rugen las flores diskoa argitaratu zuenetik, eta La Distancia seigarren diskoan doinu poetikoetara, melankolikoetara eta goxoetara jo du. Maiatasuna nabaria da lan berriko abestietan, eta gitarrak alde batera utzi gabe, piano doinuek garrantzia hartu dute horietako batzuetan. Indie-rock generoaren barruan, taldeak berezko izaera mantentzen jarraitzen du, baina pop doinuak ere entzun daitezke, esaterako, La vereda abestian. Subterfuge argitaletxearekin kaleratu dute lan berria, eta Urdulizko (Bizkaia) eta Sevillako (Espainia) Tio Pepe eta La Mina estudioetan grabatu dute. Masterizazio lanak, berriz, AEBetako New York hirian egin dituzte.

Joan zen apirilean Bilboko Fnac-en diskoa aurkeztu zutenetik, soilik Valentzian eskaini dute kontzertua, sarrera guztiak agortuta. Beraz, Azpeitikoa Euskal Herrian emango duten lehenengo kontzertua izango da, eta uda pasatu arte, ez dute beste zuzenekorik eskainiko.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide