Miren Alcedo: "Epaitegian ikusten da nolakoa den bizitza"

Uztarria.eus 2019ko api. 17a, 11:30
Miren Alcedo, Azpeitiko epaitegiaren aurrean.

Urteak eman ditu Miren Alcedok Azpeitiko epaitegian lanean. "Miseria guztiak" ikustea tokatu zaiola dio, eta justizia denentzat ez dela berdina. Ihintza Elustondok Uztarria aldizkariaren 2019ko apirileko zenbakian hari egindako elkarrizketa da honakoa.

Antropologia ikasi bazuen ere, arlo horretan lanik gabe gelditu, eta epaitegian lan egiteko oposizioak egin zituen Miren Alcedok (Portugalete, Bizkaia, 1963). Hasieran, etxetik gertu lan egitea zen haren asmoa, baina ez zuen Bizkaian plazarik eskuratu. Gipuzkoan hainbat herri zituen aukeratzeko, eta Azpeitira etortzea erabaki zuen. "Herria gustatu egin zitzaidan bizitzeko, argitsua iruditu zitzaidalako eta umez beteta zegoelako.  Leku bat edo bestea aukeratu, alaba ere nirekin etorriko zen, eta biontzat leku egokia iruditu zitzaidan Azpeitia". 2005az geroztik, Azpeitiko epaitegian lanpostua du Alcedok, eta ordutik, hemen bizi da. Gertutik ezagutzen du auzitegietako funtzionamendua.

Duela hamalau urte iritsi zinen Azpeitira. Zer ibilbide egin duzu ordutik?

2005ean eskuratu nuen plaza Azpeitiko epaitegian, eta orduan hasi nintzen hemen lanean. Hasieran, instrukzioan, zigor arloan, lan egin nuen, eta gero, zerbitzu orokorrera igaro nintzen. Liberatuta ere egon nintzen, LAB sindikatuan, eta ondoren, berriro bueltatu nintzen arlo judizialera. Lan arloko epaitegi batean aritu nintzen Donostian, eta lan hori amaitzean, Azpeitira itzuli nintzen. Duela gutxi, Donostian hasi naiz lanean, beste jurisdikzio bat ezagutu nahi nuelako. Arlo zibilean ari naiz han, familia epaitegian.

Orain gutxi arte, Azpeitiko epaitegiko zerbitzu orokorrean aritu zara lanean. Zer egiten da arlo horretan?

Epaitegira sartzen den guztia hortik pasatzen da. Azpeitian bi epaitegi daude, lehena eta bigarrena; biak mistoak dira, horrek esan nahi du arlo penala eta zibila, biak, aztertzen direla. Arlo penalean, delitu arinak nahiz larriak lantzen dituzte: eskubideren bat zapaldu edo bortizkeria egon den kasuak. Aldiz, beste pertsona batekin edo erakunderen batekin desadostasunen bat baldin baduzu, auzia arlo zibilera bidera-tzen da. Arlo zibilean, kontu guztiak demanda bidez iristen dira epaitegira, eta demanda horiek nik erregistratzen nituen; hau da, demanda horretako parte hartzaileak eta gertaera txantiloi batean sartzen nituen, eta nire lankide batek gauza bera egiten zuen arlo penaleko atestatuekin eta salaketekin. Gainera, idazkiak iristen dira epaitegira –kasu horietan, parte-hartzaileak zerbait eska-tzen dio epaitegiari–, eta horiek ere guk erregistratzen genituen. Beste epaitegiekin izapideak ere eremu horretatik egiten dira. Gainera, Azpeititik mediku forentse batzuk pasatzen dira, eta haien agendak nik koordinatzen nituen.

Zer eremuri dagokio Azpeitiko epaitegiak?

Eskualdeko auzitegia da, Urola Kostako burua. Horrez gain, Zumaian, Zarautzen, Zestoan... bake epaitegiak daude; horiek epaitegi txikiak dira, erregistro zibila eta jakinarazpenak egiten dituzte. Azpeitian egiten dira arlo zibileko prozedura guztiak hasieratik bukaerara arte, baina arlo penalaren kasuan, delitu larriak badira, Azpeitian instrukzioa egiten da, eta epaiketa, Donostian.

Nolako demandak iristen dira Azpeitiko epaitegira?

Asko nabaritu zen krisialdia. Normalean, egunero bi edo hiru dibortzio sartzen dira, eta 2012an edo, bat-batean dibortzioak ia-ia desagertu egin ziren: hiruzpalau ailegatzen ziren astean. Dibor-tziatzeko, nahiz eta bi aldeak ados egon, abokatua eta prokuradorea behar dituzu derrigorrez, eta horiek ordaindu egin behar dira. Horretaz aparte, garai hartan, tasa legea indarrean sartu zen, eta ondorioz, prozedura bat martxan jartzeko, dirua jarri behar zenuen. Dirua eskatzen zen leku guztietan, eta horregatik gutxitu  ziren dibortzioak. Bestalde, monitorioek –diru kopuru txikia eskatzen den auziak– gora egin zuten: zor txikiak bankuekin, etxepeko batek ez duela kuota ordaintzen... Desjabetzek, berriz, gora egin zuten krisialdian; Azpeitian, etxebizitzak oro har salbu daude, baina tailerren desjabetzeak eta lokalenak gertatu ziren. Gainera, lursailen banaketak zehazteko demandek ere behera egin zuten krisi garaian.

Zeintzuk dira salaketa eta delitu ohikoenak?

2005etik hona asko igo dira droga sarekadak, eta batez ere, emakumeen kontrako bortizkeria kasuak. Azpeitiko epaitegia asteburuetan eta astegun arratsaldeetan itxita egoten da, baina guardiako konturen bat –zerbait premiazkoa– baldin badago, ireki egiten da. Eta asteburu askotan etorri egin behar izaten dute langileek etxeko bortizkeria [etxeko kideen artean gertatzen dena] edo emakumeen kontrako bortizkeria [bikoteak edo bikotekide ohiak egindakoa] kasuren bat egon delako. Oso jende gaztea etortzen da epaitegira; batzuetan, adin txikiko neskak. Bestalde, atestatu asko lapurretei lotutakoak izaten ziren lehen, eta orain, asko Internet bidezko iruzur kasuak izaten dira. Horrek asko egin du gora, eta horrelako kasuak oso zailak izaten dira argitzeko.

Epaitegia askotan gaizkileekin lotu ohi da, baina era askotako jendea igaroko da halako leku batetik...
Bai, erregistro zibila ere badago epaitegian, eta jaiotza nahiz bizitza agiriak bertan egiten dira. Lehen, nazionalitate agiriak ere bai, baina pribatizazio prozesuaren ondorioz, orain ez.

Epaitegiak eskaintzen zituen zerbitzuak pribatizatzen ari direla salatu du hainbatek. Zer ari da gertatzen?

Justizia langileok pentsatzen genuen arlo horretan pribatizazioa ezinezkoa zela, teorian behintzat, justizia denontzat delako eta guztiok berdinak izan behar dugulako. Baina badago arlo bat negozio bihur daitekeena, erregistro zibilarena, eta hori hasi dira pribatizatzen. Oraindik jaiotza agiria edo bizitza agiria lortzea doakoa da, baina denborarekin, epaitegitik at egongo da zerbitzu hori, eta ordaindu egin beharko da. Dena den, nazionalitatearen arloa jada pribatizatu dute, jende ahulenari eragiten dion eremua delako; izan ere, etorkinek herritartasuna behar dute denerako. Gainera, dibortzioak epaitegian ez ezik, notaritzan ere egin daitezke orain; notaritzan ordaindu egin behar da, eta epaitegian ez.

Zer iritzi duzu pribatizazio prozesu horren inguruan?

Erregistro zibila jende xumearen historia da. Aberatsek badituzte biografiak, beraien izena daramaten kaleak... Baina guk gure arbasoak nolakoak ziren edo zer lan egiten zuten jakiteko, erregistro zibila bakarrik daukagu. Hori da gure historia xumea; orain leku publiko batean dago, eta pribatizatzea jende xumeari historia lapurtzea da. Baina horrela erabaki zuten Madrilen, eta Eusko Jaurlaritzak ez zuen borrokatu eskumen hori lortzeko. Eta nire ustez, hori galera ikaragarria da.

Epaitegiak gainezka daudela argudiatuta, lan baldintza duinak aldarrikatu dituzte langileek azkenaldian.

Orain, Azpeitiko epaitegia egoera hobean dago, baina oso itota egon da. Errefortzu batzuk jarri zituzten, langile batzuk behin-behinean kontratatuta, baina ez dute lanpostu finkorik. Azpeitian, badago langile bat 8-9 urtean lanean ari dena, baina beti errefortzu moduan. Prekarizazio handiagoa nahi dute. Ni ere ibili nintzen horren aurkako borrokan, baina oso zaila da zerbait lortzea.

Zer esan nahi du Azpeitiarentzat herrian bertan epaitegia izateak?

Batez ere, oso erosoa da jendearentzat. Baina gertatzen dena da epaitegiak ospe txarra duela, seguru asko, arrazoi osoarekin. Izan ere, epaitegian errepresioa egiten da: printzipioz, justiziak guztiontzat berdina izan behar du, gardena, baina gero, praktikan ikusten duguna da justizia edo deitzen duten justizia boteretsuen instrumentu edo tresna bat dela jendea kontrolatuta izateko.

Justiziaren aurkako aldarriak bolo-bolo zabaldu dira azkenaldian. Altsasuko gazteen auzia, Iruñeko talde bortxaketarena, Kataluniako preso politikoak... Zer muga ditu justiziak?

Epaitegietan legea aplikatzen da, baina nork egiten du legea? Boteretsuenek. Eta askotan, legea nola erabili behar den ere boterea daukanak erabakitzen du. Niri ez zait tokatu gaizkile baten kontrako prozedurarik; delitu gehienak izaten dira ijitoek kobrea lapurtu dutela, etxe batean okupak daudela, kale saltzaileen kontuak... Zer da hori? Jende ahulenaren zapalkuntza, eta hori epaitegian egiten da. Banketxeetako jabeen kontrako prozedurak ere ikusi ditugu telebistan, eta zer zigor jar-tzen dizkiete haiei? Konturatzen zara askoz ere okerragoa dela liskar bat izatea taberna batean, jendea etxerik gabe uztea baino.

Denak ez dira berdinak justiziaren aurrean?

Pertsonaren arabera hartzen dira erabakiak epaitegian. Justizia ez da berdina denontzat: justizia  matxista, klasista eta arrazista da. Adibide bat jarriko dut, Azpeitian ikusia. Adingabeko neska batek salatu zuen Guardia Zibilen kontrol batean sexu abusu bat pairatu zuela, eta neska adingabekoa zenez, amarekin etorri zen epaitegira. Neskak deklaratu zuen, eta gero, normalean, inputatuaren deklarazioa entzuten da. Inputatuak Guardia Zibilak zirenez, zitatu egin behar genituen, baina ez genituen zitatu. Epaileak erabaki zuen neska bere amak maneiatu zuela, eta horregatik egin zuela egin zuen deklarazioa. Eta nik esan nuen: ‘Baina Guardia Zibilak zitatuko ditugu, ezta?’. Eta epaileak erantzun zidan: 'Ez, ez ditugu molestatuko, beraien lana egin behar dutelako'. Eta kito. Artxibatu egin zen auzia.

Justizia egiteko grinagatik erabaki al zenuen mundu honetan murgiltzea?

Ez, oposizioak egiteko aukera izan nuelako. Baina egia da justizia administrazioa erabilgarriagoa izango zela uste nuela, eta gero konturatu nintzen motz gelditzen dela. Azpeitian desadostasun asko argitzen dira, eta pen-tsatu nahi dut eraso batzuk ere saihesten direla. Baina epaitegiko prozedura batean inork ez du irabazten; epaiketa irabazita ere, beti galtzen duzu zerbait: dirua normalean bai, osasuna ere bai, eta batzuetan, bizipoza ere bai.

Zer du lanbide honek gustuko duzuna?

Errealitatea nolakoa den ikustea gustatzen zait, eta epaitegian ikusi egiten duzu. Zure mahaitik miseria guztiak pasatzen dira, eta hori tristea da, baina epaitegian ikusten duzu nolakoa den bizitza. Ez da ideala, den bezalakoa da. Lan honetan hasi nintzenean, lagun batek zera esan zidan: 'Kontuz ibili, lehortu egingo zara eta'.

Zergatik?

Gauza beldurgarriak ikusten dituzulako: ikusten duzulako ume bat bere aitak prostituitzen duela, maitatu behar zintuenak nola jipoitu zaituen, ama batek semea edo alaba salatu duela... Hau da leku aproposena jendearen konfiantza galtzeko.

Maitasun gutxi dago epaitegian?

Ezkontzera etortzen direnek sentituko dute maitasuna, baina hortik aurrera, gutxi.