Mont de Marsan espetxeko euskal presoak, EH Bildurekin bat

Mont de Marsan espetxea.

Mont de Marsan (Frantzia) espetxean dauden euskal presoek honako gutun hau bidali dute, EH Bilduren zerrendari babesa adieraziz. Haien artean da Josu Urbieta Pow azpeitiarra.

"Mont de Marsan espetxean gauden euskal preso politikook EH Bilduren zerrendei gure babesa eman nahi diegu, gure herriko ekimenetan eta borroketan parte hartuz horrela.

Bizirik dago Euskal Herria. Azken hilabete luzeetan ikusi dugu herri honen bizitasuna eta indarra. Gure herrikideek kaleak hartu dituzte mobilizazio iraunkor eta indartsu batean. Esparru ezberdinetatik askatasuna eta eskubideen defentsa trinkoa. Kaleetan daude pentsionistak, kaleetan gazteak. Kaleetan euskararen alde korrika, kaleetan burujabetza aldarrikatuz. Kaleak morez tindatu eta gure bizitzak irauli ditu feminismoak. Zapalkuntza ororen kontra gaudenon jarduera eraginkorragoa eginez. Gu pertsona eta militante hobeak eginez.

Bizirik dago herria eta abian jendea. Horrek erreakzioa sortzen du, ordea. Errepresioa, matxismoa, ustelkeria, heteropatriarkatua, bazterketa, 78ko erregimena, kapitalismoa. Faxismoak baditu milaka aurpegi. Eta aurre egin behar. Ez dago atzera egiterik.

Hauteskundeak badira, nahi eta nahi ez, aurrerapauso bat emateko aukera. Euskal herritar bezala, ez dugu nahi, ezin dugu, albo batean, ziegan, gelditu. Gure herrikideekin bat egiteko hautua egin dugu.

Parte hartzeko erabaki. Espetxeetako hormak altuak badira ere, gu isolatzeko nahia badago ere. Bozkatzen saiatuko gara. Badugulako nori botoa eman. Eta gure papeletak ez badira heltzen, zure heldu dadin eskatzen dizugu. Zuk ere zure herrikideekin bat egin dezazun. Gurekin bat eginez horrela.

Mont de Marsan espetxeko euskal preso politikoak".

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide