21. Korrika

Umeek ere gogoz egin dute Korrika Txikia

Uztarria.eus 2019ko api. 12a, 13:37

21. Korrika Azpeitiko kaleetatik igaro orduko ekin diote herriko ikastetxeetako ikasleek Korrika Txikiari. Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraiko, Azpeitiko Ikastola Ikasberriko eta Iraurgi Ikastetxeko Lehen Hezkuntzako ehunka ikasle ere batu dira euskararen aldeko aldarrira, eta anbulatorioan hasi eta Alde Zaharra zeharkatu ondoren, plazan amaitu dute egitasmoa. Udaletxeko balkoian, berriz, Korrikaren mezua irakurri dute hainbat haurrek, eta festa giroa izan da nagusi ekitaldian. Izan ere, Juan Antxieta musika eskolako ikasleekin batera, kantuan amaitu dute Korrika Txikia. Haur Hezkuntzako ikasleek, berriz, beren ikastetxeetan egin dute Korrika Txikia.