Hazparneko Elhuyar ikastetxeko ikasleak eta irakasleak Azpeitian dira egunotan

Uztarria.eus 2019ko api. 11a, 15:04

Joan zen astearteaz geroztik, Azpeitian dira Hazparneko Elhuyar kolegioko 43 ikasle eta irakasle. Azpeitia ezagutzeko parada izan dute egunotan, eta gaur, osteguna, goizean, Udal ordezkariek harrera egin diete horiei udaletxean. Azken hamar urtetan ari dira Lapurdiko herriko ikastetxeko eta Urola Ikastola BHIko ikasleak elkartrukeak egiten. 12 eta 14 urte bitarteko ikasleak dira Azpeitian egunotan daudenak, eta horiek Gaztelekuko hezitzaileekin hainbat jolas egin dute harreraren ostean. Ondoren, Azpeitiko ikasleek gidatuta, herria ezagutu dute, eta arratsaldean, igerilekura joango dira.

Azpeitiak eta Hazparnek 1983an hasi zituzten senidetzeko harremanak; 1986an sinatu zuten akordioa bi udaletako ordezkariek. Gaur Elhuyar ikastetxeko ikasleei eta irakasleei egindako harreran senidetzearen nondik norakoak izan dituzte hizpide Eneko Etxeberria alkateak eta Aitor Bereziartua zinegotziak. Harremanak sendotzeko hainbat ahalegin eta egitasmo egin dute bi herrietako ordezkariek azken urteetan, eta horren erakusle da, adibidez, Juan Antxieta musika eskolako ikasleek eta Hazparneko musika eskolakoek bihar, ostirala, Izturitzen (Nafarroa Beherea) eskainiko duten kontzertua.