21. Korrika

Ane Arrizabalaga: "Euskararekiko konpromisoa hartzeko garaia da"

Maxixatzen.eus 2019ko api. 10a, 18:17
Ane Arrizabalaga 21. Korrikaren Azpeitiko, Azkoitiko eta Zestoako koordinatzailea. (Maxixatzen.eus)

Ane Arrizabalaga (Azkoitia, 1994) 21. Korrikaren Azkoitiko, Azpeitiko eta Zestoako koordinatzailea da. Ostiralean, apirilaren 12an, iritsiko da Korrika eskualdera –09:24etan sartuko da Azpeitiko lurretan–, eta Azkoitiko Maxixatzen herri aldizkariak Arrizabalarekin hitz egin du, Korrikaren prestaketa eta antolaketa lanen inguruan.

Zein zeregin bete behar ditu koordinatzaile batek Korrikan?

Korrika antolatzea eta hori ondo ateratzea, kilometroak saldu eta banatzea, Korrika laguntzaileak lortzea, materiala saltzea, Korrika Kulturala prestatzea eta horien aurkezpena prestatzea dira zeregin nagusiak. Korrika Txikiaren antolakuntzaren gainean egotea ere egitekoetako bat da, eta, garrantzitsuena, Korrika eskualdetik pasatzen denerako guztia prest edukitzea.

Nolakoa da antolakuntza lana?

Zorionez, jende asko inplikatzen da. Nik aurtengo egoeraz hitz egin dezaket. Nire lankideak azkoitiarrak, azpeitiarrak eta zestoarrak dira, eta asko lagundu didate herri bakoitzeko Korrika antolatzen eta horri bultzada ematen. Nire lankideez gain, bestelako jendea ere batu da. Korrika Txikia prestatzeko, esaterako, eskolen laguntza handia izan da. Horrez gain, norbanako batzuei ere oso eskertuta nago, asko lagundu baitidate Korrikaren antolakuntzan.

Zer egin behar duzu Korrika Azkoititik pasatzean?

Nik, koordinatzaile bezala, Korrikaren aurretik doan autoan joan behar dut. Azkarateko zubitik hasi eta Zumaiako Narrondo auzora arte, ibilbidea markatzen arituko naiz kotxean. Ezingo dut korrikarik egin, baina esango nuke zirrara berbera sentituko dudala. Korrika guztia nire atzetik joango da, eta egin dugun lanaren fruitua ikusiko dut.

Korrikak Azkoitian arrakasta duela uste duzu?

Baietz esango nuke. Herri euskalduna gara, eta euskararen alde lan egiteko indarra ateratzen dugu. Kilometroak saltzeko garaian ere ikusi da, herriko hainbat taldek parte hartu baitute. Aurtengoa oraindik ez da pasatu, baina aurreko urteetako Korrikan zirrara handia sentitu ahal izan da.

Elkarrizketa osoa Maxixatzen.eus webgunean irakur daiteke.