Udal eta foru hauteskundeak 2019

Udal hauteskundeetako hautes-zerrenda aurkeztu du Azpeitiko EH Bilduk

Uztarria.eus 2019ko api. 5a, 12:05

Koalizioak aho batez onartu du haren oinarriek egindako proposamena. Nagore Alkorta zerrendaburuaren hitzetan, "ilusioa eta esperientzia" dira taldearen ezaugarri nagusiak.

Atzo, osteguna, egin zuen EH Bilduk maiatzeko udal hauteskundeetako hautes-zerrenda onartzeko batzarra, eta koalizioko oinarriek aho batez onartu zuten hara eramandako proposamena. Nagore Alkorta Azpeitiko EH Bilduren zerrendaburuak adierazi duenez, osatu duten taldearen ezaugarri nagusiak "ilusioa eta esperientzia" dira, eta "lanerako zein harremanetarako talde ezin hobea" dela azpimarratu du. "Azpeitia oso ondo ezagutzen duten pertsonak ditugu taldean, esparru, adin eta sentsibilitate desberdinetakoak. Modu batera edo bestera, herrigintzan aritu diren bizilagunak bildu ditugu, eta horrek gure herriaren ikuspegi zabala ematen digu. Gainera, gutako askok barrutik ezagutzen ditugu erakundeak. Osatu dugun taldea berme bat da: Azpeitia aldatzen jarraitzeko bermea, eta herria hobetzeko bidean jauzi bat emateko bermea".

Azpeitiko egungo Udal Gobernua osatzen duten EH Bilduren hainbat ordezkarik osatuko dute datozen udal hauteskundeetarako hautes-zerrenda, hala nola Josu Labakak, Aitor Bereziartuak, Leire Goenagak, Agustin Lizarraldek eta Ainara Larrañagak. Ildo horretan, alkategaiak adierazi du udalean "lan asko" egin duten eta hango kudeaketan "pisua" izan duten pertsonak direla horiek: "Azken urteetan erabakigarriak izan diren hainbat pertsonak jarraituko dute gurekin, udal kudeaketatik haragoko erakundeetan ere ardura postuak izan dituztenak, mankomunitateetan eta abar. Sostengu garrantzitsua izango dira eguneroko lanean". Bestalde, lan taldeari "aire berria" emango dion "gaitasun handiko" eta "energiaz betetako" jendea ere zerrendan badagoela gaineratu du Alkortak. "Oso gustura nago osatu dugun ekipoarekin, konfiantza handia ematen dit; eta hauteskundeen erronkari indar handiarekin heldu diogu dagoeneko", nabarmendu du.

Honako hau da Azpeitiko EH Bilduk udal hauteskundeetarako osatu duen hautes-zerrenda:

  1. Nagore Alkorta Elorza.
  2. Josu Labaka Zuriarrain.
  3. Eneritz Albizu Lizaso.
  4. Aitor Bereziartua Larrañaga.
  5. Leire Goenaga Uzkudun.
  6. Agustin Lizarralde Odriozola.
  7. Ainara Larrañaga Irulegi.
  8. Mikel Odriozola Arakistain.
  9. Idoia Arrizabalaga Aldalur.
  10. Egoitz Arruti Uria.
  11. Nerea Illarramendi Zubimendi.
  12. Ismael Ruiz de Argandoña Arzallus.
  13. Arantxa Oñederra Vergara.
  14. Aitor Letamendia Portalo.
  15. Lorea Aizpuru Arozena.
  16. Joxe Mari Iturria Egaña.
  17. Olatz Izagirre Sarasti.
  18. Haritz Arakistain Valverde.
  19. Aiora Etxeberria Iturralde.
  20. Ander Larrañaga Zinkunegi.