1.400 korrikalari inguruk parte hartuko dute biharko Azkoitia-Azpeitia proban

Uztarria.eus 2019ko mar. 29a, 11:19
Iazko maratoi erdiaren irteera.

1.060 atletek eman dute izena maratoi erdian, eta 330ek lasterketa laburrean; bart gauerdian itxi dute izen-ematea. Elitekoei dagokienez, hemeretziko zerrenda osatu dute azkenean, hamalau gizonezkorekin eta bost emakumezkorekin. Lasterketak trafikoan eragingo dituen aldaketak ere jakinarazi dituzte antolatzaileek. Autobusen geralekuak tokiz aldatuko dituzte 15:05etik 19:30era.

Egun bakarra falta da XXVI. Azpeitia-Azkoitiarako, eta biharko maratoi erdiaren eta 8,1 kilometroko lasterketa laburraren antolatzaileak azken xehetasunak lotzen eta eguneko jakingarri nagusien berri eman dute. Bart gauerdian itxi zen bi lasterketetan izena emateko epea. 1.060 lagun daude maratoi erdian izena emanda –1.100eko gehienezko mugatik gertu–, eta 330 lasterketa motzean. Azken horretan emakumeen parte-hartzearen "datu pozgarria" nabarmendu dute antolatzaileek: izena eman dutenen %45 dira emakumeak.

Herenegun iritsi ziren maratoi erdian parte hartuko duten aurreneko eliteko atletak, eta atzo goizean ikasleekin elkartu ziren Sanagustin kulturgunean. Elitekoen behin betiko zerrendan, aurkezpenean iragarri zuten zerrendatik huts egingo du Birham Mihretu etiopiarrak, baina azken orduan atleta berriekin zerrenda luzatzea ere lortu dute antolatzaileek. Hemeretziraino luzatu da elitekoen zerrenda, hamalau gizonezkorekin eta bost emakumezkorekin. Hauek dira guztiak: Emmanuel Bett, Abera Kuma, Mamillo Nuguse, Timothy Toroitich, Kiprono Menjo, William Malel Sitonik, Peter Kiprotich, Djamal Abhi Diriet, Silas Laikon Naibei, Bayelign Teshager Yegzaw, Iraitz Arrospide, Alberto Sanchez Pinilla, Pablo Sanchez Gomez, Gustavo Nieves, Wudie Mekuria, Irene Kimais, Meraf Batha, Fitaw Zeray Bezabh eta Joyline Chemutai.

Trafikoa eta autobus geltokiak

Trafikoan erabateko etenik izango ez den arren, zapatu arratsaldean aldaketak nabarituko dituzte ibilgailuetan mugitzen direnek. Horrela, Loiolako etorbidea itxita egongo da 15:00etatik lasterketa bukatu arte, eta ibilgailuek Sanjuandegi atzetik Garmendi eta Loiola lotzen dituen errepidetik ibili beharko dira; 16:00etatik aurrera, berriz, Loiolan basilika aurretik desbideratuko dute trafikoa. Lasterketaren ibilbidean sartzen diren kaleetan ezingo dute ibilgailuek pasatu lasterketak irauten duen bitartean, noski. Lasterketak eragingo dituen eragozpenak direla-eta "barkamena" eskatu dute antolatzaileek.

Trafikoaren aldaketekin lotuta, eta urtero legez, autobus geltokiak ere tokiz aldatu edota ezeztatu egingo dituzte bihar arratsaldean, 15:05etik 19:30era: Loiolako geltokia trenaren estazio zaharraren parera aldatuko dute, Sanjuandegikoa suhiltzaileen parek aurrera, estaziokoa eta Julian Elorzakoa saihesbidera –museoko oinezkoen zubiaren parera, hain zuzen–, eta anbulatorio aurrekoak bertan behera utziko dituzte.