Atzera kontaketa hasi da 26. Azkoitia-Azpeitia maratoi erdirako

Uztarria.eus 2019ko mar. 20a, 18:00
Lasterketaren antolatzaileak eta laguntzaileak, gaur, aurkezpenean. (Ane Olaizola)

Hilaren 30ean jokatuko dute Diego Garciaren omenezko maratoi erdia, eta antolatzaileek lasterketa motza ere antolatu dute egun horretarako. Gehienez, 1.100 lagunek parte hartu ahal izango dute maratoi erdian, eta dagoeneko 900ek eman dute izena. Proban lehiatuko diren goi mailako korrikalari batzuen izenak ere jakinarazi dituzte.

Astebete pasatxo falta da eliteko korrikalariek eta herrikoiek Azkoitiko eta Azpeitiko bideetan bat egin dezaten, eta Diego Garciaren omenezko maratoi erdiaren atarian, antolatzaileek probaren azken xehetasunak eman dituzte gaur, Azkoitian. 26. urtez prestatu dute maratoi erdia, eta Xeye atletismo taldeko antolatzaileentzat “ezinbesteko laguntza” diren Azkoitiko eta Azpeitiko udalen eta babesleen ordezkariak izan dira ekitaldian.

Hurrengo larunbatean, martxoaren 30ean, jokatuko dute Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia, eta azken urteetan bezala, 8,1 kilometroko lasterketa motza ere antolatu dute ordurako. 16:15ean abiatuko dira proba laburra egingo duten korrikalariak Azkoitiko Julio Urkixo kaletik, eta ordu laurden beranduago hasiko da lasterketa nagusia. Abendutik zabalik da bi proben izen-ematea, eta antolatzaileek jakinarazi dutenez, maratoi erdirako dagoeneko 900 bat lagunek eman dute izena. Gehienez, 1.100 lagunek parte hartu ahal izango dute maratoi erdian, eta beraz, antolatzaileek dei egin diete interesa dutenei lehenbailehen izena emateko. Internetez, www.rockthesport.com helbidean eman daiteke izena, eta ostiralera bitartean 24 eta 27 eurotan izango dute inskripzioa federatuek eta federatu gabekoek, hurrenez hurren; egun horretatik aurrera, 29 eta 32 eurotan izango dute izen-ematea. Lasterketa motzari dagokionez, oraingoz 200 pertsonek eman dute izena, eta kasu horretan, hilaren 22ra artean 15 eurotan inskribatu ahal izango dira; egun horretatik aurrera, berriz, 20 euro ordaindu beharko dute. Bi lasterketetarako izen-ematea hilaren 28an itxiko da, maratoi erdirako gehienezko langa lehenago gainditzen ez bada. Interneten ez ezik, Donostiako Robers Kirolak, Azkoitiko Plaza Berri Sport eta Azpeitiko Euskadi Sport dendetan ere eman daiteke izena, prezio berean.

Azkoitia eta Azpeitia “herri txikiak” izanagatik, Europako “lehen mailako lasterketa” antolatzen dutela azpimarratu du Agustin Jimenez Xeyeko ordezkariak, eta horren erakusgarri da eliteko lasterkarien parte hartzea. Datozen egunetan iritsiko dira han lehiatuko diren goi mailako korrikalariak, eta oraindik behin betiko zerrenda itxi gabe badago ere, hainbaten parte hartzea ziurtatu dute. Besteak beste, Emmanuel Bett, Abera Kuma, Mamillo Nuguse, Timothy Toroitich, Kiprono Menjo, William Malel Sitonik, Djamal Abhi Diriet, Silas Laikon Naibei, Bayelign Teshager Yegzaw, Iraitz Arrospide Garro, Birham Mihretu, Irene Kimais eta Fitaw Zeray Bezabh izango dira lasterketan.

Helsinkiko balentriak 25 urte

Aurten, Txapeldun historiak leloa jarri diote maratoi erdiari, 25 urte bete baitira Diego Garcia, Martin Fiz eta Alberto Juzdado atletek domina bana eskuratu zutela Atletismoko Europako Txapelketaren maratoian, Helsinkin. Lorpen hartako argazkiarekin diseinatu dute aurtengo elastikoa, eta kamisetarekin batera, Garciaren bereizgarri zen buruko zinta bana ere jasoko dute parte hartzaileek. Zentzu horretan, antolatzaileek korrikalari guztiei dei egin diete eskuak altxatuta helmugaratu daitezen, horien arabera, txapeldunak ez direlako soilik irabazleak. “Lasterkari herrikoiak ere txapeldunak dira”.

Probaren inguruko jakingarriak ere eman dituzte gaurko agerraldian. Ohi bezala, autobus zerbitzuak egongo dira hainbat lekutatik lasterketaren irteerara iristeko. Azpeitiko Ikastola Ikasberri aurretik, esaterako, autobusak aaterako dira 14:30etik 16:00etara artean; Donostia, Bilbo eta Gasteiztik ere irtengo dira autobusak, eta hiriburu horietara itzultzeko zerbitzua ere izango dute korrikalariek (www.sportbus.es). Horrez gain, Azpeitiko Txiki Txokon ludoteka zerbitzua ere jarriko dute beste urte batez, 3 eta 10 urte bitarteko umeei zuzenduta, 15:00etatik 19:00etara.

Korrikalariek bihartik aurrera jaso ditzakete dortsalak izena eman daitekeen dendetan, eta egunean bertan, 12:00etatik 16:00etara ere izango dute horretarako aukera, Julio Urkixo kalean, irteeratik 20 metrora jarriko duten gunean. Leku horretan bertan, arropak jasotzeko zerbitzua ere eskainiko dute. Dutxa eta aldagela zerbitzuak, berriz, Azpeitiko igerilekuan izango dituzte korrikalariek, eta helmugan masaje zerbitzua jarriko dute.

Horrez gain, Airtek etxeak zuzenean eskainiko du proba, eta beraien webgunean eta Facebook kontuan jarraitu ahal izango da lasterketa osoa. Era berean, Corriendovoy atariak ere bideoz eskainiko du helmugaratzea, eta Runoline aldizkariak ere zuzenean eskainiko du helmugaratzea, besteak beste.

Garciari buruzko dokumentalaren estreinaldia

Azken edizioetan bezala, beste hainbat jarduerekin uztartuko dute maratoi erdia, eta aurten tarte berezia hartuko du Diego Garcia, bidegilea dokumentalak. Izan ere, Azkoitian estreinatuko dute EiTBk ekoitzi duen ikus-entzunezkoa, hilaren 29an. Baztartxo antzokian izango da emanaldia, 20:00etan hasita, eta sarrera doakoa izango da. Era berean, igande horretan, hilaren 31n, ETB1 katean emango dute dokumentala. 

Lehenago, ordea, izango da beste ekitaldirik; hilaren 25ean, argazki erakusketa zabalduko dute Azpeitiko Sanagustin kulturgunean. Azpeitiko Argazki Elkarteko kideen eta Felix Sanchez, Marcos Cabrera eta Iñigo Morentinen argazkiak ikusi ahal izango dira erakusketan, eta aurreko urteetan kaleratutako argazki-erreportajeekin uztartuko dute egitasmoa. Horrez gain, ikastetxeetako 6. mailako ikasleekin ere elkartuko dira antolatzaileak eta goi mailako kirolariak Azkoitian eta Azpeitian, eta Diego Garcia zena gertutik ezagutzeko parada izango dute haiek. Hilaren 28an, Sanagustinen elkartuko dira, eta hurrengo egunean, Elkargunean.

Aurtengo beste berrikuntzetako bat izango da Alboko Esklerosi Amiotrofikoa dutenen Adela elkarteari lagunduko diotela. Horretarako, zero dortsala emango diote elkarteari, eta haren jarduna ezagutarazteko postua jarriko dute helmugaren gunean. Era berean, elkarte horri lagundu nahi dioten herritarrentzat honako kontu korronte zenbakia zabaldu dute: ES74 3035 0060 44 0600080648.

Korrika euskararen aldeko lasterketak ere izango du bere protagonismoa maratoi erdian. Izan ere, Korrika 21eko petoak salduko dituzte irteeran, eta petoarekin azkarren helmugaratzen denak Mikel Uria jatetxean bi lagunentzako bazkaria irabaziko du.

“Kirol lasterketa baino gehiago”

Estitxu Elduaien eta Angel Martin Azpeitiko eta Azkoitiko Kirol zinegotziek esker oneko hitzak izan dituzte probaren antolatzaileentzat zein babesleentzat, eta maratoi erdia “kirol lasterketa bat baino gehiago” dela azpimarratu dute udal ordezkariek, besteak beste Azkoitia eta Azpeitia “mapan jartzen” laguntzen duelako eta horrek “onurak” sortzen dizkielako bi herriei. “Balio asko dituen lasterketa da, eta gaurko egunean oso garrantzitsua da kirola balioekin lotzea. Gainera, eliteko korrikalariek zein herrikoiek bat egiten dute lasterketan, eta horrek herrikoiei aukera ematen die elitekoekin batera ibiltzeko”, gaineratu du Elduaienek.