Ireki dute Sare Eguneko IV. Kros Herrikoian izena emateko epea

Iazko Sare Eguneko kroseko irudia.

Aurtengo Sare Eguna maiatzaren 18an, larunbatez, izango da. Krosak 5,6 kilometroko ibilbidea izango du, eta ibilbidea iazko bera izango da. Kirolprobak.com webgunean eman daiteke izena gaur-gaurkoz; aurrerago jarriko dute horretarako aukera leku fisikoetan.

Maiatzaren 18an, larunbatez, izango da aurtengo Sare Eguna Azpeitian, eta haren antolatzaileek egitaraua jakinarazi ez badute ere, dagoeneko zabaldu dute IV. Kros Herrikoian izena emateko epea. Aurtengo krosak 5,6 kilometroko ibilbidea izango du, eta ibilbidea iazko bera izango da: plazan hasi eta bukatuko da. Lasterketa 11:00etan hasiko da, eta krosean parte hartzen duten herritar guztiei opari bat jasoko dute. Gainera, hamaiketakoa egiteko aukera ere izango dute. Azpeitiko Sarek jakinarazi duenez, gainera, Izarraitz pilotalekuan dutxatzeko aukera izango dute kirolariek.

Gaur-gaurkoz Kirolprobak.com webgunean eman daiteke lasterketarako izena. Aurrerago toki fisikoetan ere inskribatu ahal izango da, hala nola Azpeitiko Orkatz kultur elkartean eta Udal igerilekuan, nahiz Azkoitiko Elkargunean. Probaren egunean bertan ere eman ahal izango da izena, 09:30etik 10:30era bitartean, plazan. Lasterkari guztiek ordu tarte horretan izango dute dortsalak jasotzeko aukera; hamar euro ordaindu beharko dute aurrez izena emandakoek eta hamabi egunean bertan ematen dutenek.

Kros nagusiaren ostean, 11:30ean, umeen lasterketa txikia egingo dute. Plazatik hasiko dute ibilbidea, eta doakoa izango da parte-hartzea. Gainera, haurrek eta gaztetxoek ez dute probarako aurrez izenik eman beharko.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide