21. Korrika

Martxoaren 15ean itxiko da Korrikako kilometroa erosteko epea

Uztarria.eus 2019ko mar. 7a, 17:28
2017ko korrikako irudia.

Kilometro osoak 425 euro balio ditu, eta erdiak, berriz, 213 euro. Behin izen-ematea itxita, kilometroen zozketa eguna jakinaraziko da.

Dagoeneko eragile eta talde ugari ari dira Azpeitian 21. Korrikako kilometroak erosten. Dena den, oraindik eskaera egin dezakete lekukoa eraman nahi duten erakundeek, elkarteek, enpresek edo herritarrek. Horretarako epea datorren asteko ostiralean, martxoaren 15ean, bukatuko da. Interesa dutenek 680-69 05 96 telefonora deitu edo Whatsapp-a bidali beharko dute; edo, bestela, herriko ohiko kontaktuekin harremanetan jarri. Kilometro osoak 425 euro balio ditu, eta erdiak, berriz, 213 euro. Behin izen-ematea itxita, kilometroen zozketa eguna jakinaraziko da.

Aurtengoan, Klika

Apirilaren 12an, ostiralez, pasatuko da Korrika Azpeititik; 09:34 da egitasmoa herrira iristeko aurreikusitako ordua. Elgoibar aldetik iritsiko da lekukoa, eta Azpeititik kostaldera joanda, arratsaldez Donostiara iritsiko da. Apirilaren 4an hasiko da euskararen aldeko festa erraldoia, Garesen (Nafarroa) eta Gasteizen amaituko da. 21. edizioa da aurtengoa, eta Klika da leloa: "Klika egitea aukera bat hartzea da, euskararen aukera hartzea, hautua egitea", azaldu dute Korrikaren sustatzaileek.