Karnabalak 2019

Nire alabaren kalderero tristeak

Idoia Etxeberria 2019ko ots. 28a, 12:09

Idoia Etxeberriak idatzitako iritzi artikulua da honako hau. Kaldereroen kalejiran jazotako gertaera bat kontatu nahi izan du testuan.

Kaldereroen desfilean 10 urteko nire alabari gertatu zitzaiona kontatu nahi dizuet, bidegabea iruditu zitzaidalako. Ea zuei zer iruditzen zaizuen.

Alabak desfilean irteteko gogoa zeukan, eta arropak jantzi, eta han joan zen festara. Nik lagunekin utzi nuen eta plazara joan nintzen desfilea ikustera. Kasualitatez, momentu hartan nire alabarekin elkartu ziren lagun guztiak musika eskolako ikasleak ziren. 

Plazan nengoen, nire alaba noiz pasatuko zain. Bere lagun guztiak bai, baina bera ez nuen ikusten. Haietako bati galdetu nion non zen, eta aurpegian antzeman nion ez zekiela zer erantzun. Desfile osoa pasatzen ikusi nuen, eta nire alaba falta. Kezkatzen hasi nintzen, eta etxera deitu nuen, senarra han zegoelako. Eta hark esan zidan alaba ere han zegoela, negar batean joan zela etxera, musika eskolako irakasle batek alde egiteko esan ziolako. 

Baten batek pentsatuko du joatea zuela musika eskolakoak ez zirenen taldera. Lagunen bat izan balu, desfilea hasterako joango zen harengana, baina beste inor ez zeukalako joan zen haiekin. Musika eskolako ikasleak zirenak ere ez ziren instrumentuak jotzen ari, nire alaba bezalaxe zihoazen, zartagin eta mailu banarekin. Horrenbeste molestatzen al zuen? Ez zait iruditzen denok ondo pasatzekoa den festa batean, ume bati trago mikatz hori pasarazteko beharrik dagoenik.   

Besterik gabe, ondo pasa karnabalak!