Karnabalak 2019

Astelehentxotx! antolatu du Gaztetxeak, Astelehen Karnabalerako

20:00etan irekiko dute Gaztetxea Astelehen Karnabalean. Ordu horretatik aurrera, sagardoa izango da nahi duen ororentzat. "Jendearen gogoaren arabera", karaokea edo jolasak egingo dituzte.

Azpeitiko Gaztetxeko kideek Astelehentxotx! prestatu dute Astelehen Karnabalerako. Horiek azaldu dutenez, "lehengo ohiturei jarraituz" irekiko dute Gaztetxea martxoaren 4an. Gazte asanbladako kideen hitzetan, duela urte batzuk "ohitura" zen Gaztetxean karnabalak ospatzea, eta "giro ederra" egoten zela dute gogoan. "Jolasak prestatu genituen urte batean, eta jende ugari animatu zen horietan parte hartzera. Karaoke inprobisatuak ere egin izan dira karnabaletan. Izan ere, jendea festa giroan murgilduta egoten da egun horretan, eta ez du asko behar mikrofonoa hartu eta abesten hasteko", adierazi dute.

Gaztetxeko kideek azken urteetan Astelehen Karnabalerako ezer antolatu ez duten arren, aurten txotxa jartzea erabaki dute: "Egun arraroa izaten da Astelehen Karnabala. Elegante Eguneko ondoarekin egoten dira batzuk, eta beste asko parrandan hasi aurretik zer egin ezin erabakita. Aurten, txotxa jartzea ideia ona izan daitekeela pentsatu dugu, nahi duen oro Gaztetxera bertaratu dadin". Gaztetxera animatzen diren lagunek borondatea jarri beharko dute sagardoaren trukean. Jatekorik ez dute eskainiko Gaztetxean, eta, beraz, afaria kanpotik eraman beharko dute han afaldu nahi dutenek.

"Printzipioz", denetariko musikaz girotuko dute Gaztetxea, eta "jendearen gogoaren arabera" erabakiko dute zer egin. "Gaztetxean elkartzen direnek jolasak egiteko edo karaokean abesteko aukera izango dute, beraiek horrela nahi izatekotan. Aurrez ez dugu ezer berezirik prestatuko, ordea ", azaldu dute Gaztetxeko kideek. 

Martxoaren 4an 20:00etan irekiko dituzte Gaztetxeko ateak. 

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide