"Molde berriko" etxebizitzak eraikitzeko prozesua abiatuko du Udalak

Uztarria.eus 2019ko ots. 27a, 14:14

Udalak Azpeitia, elkarrekin bizi prozesu parte-hartzailea jarriko du martxan. Egitasmoaren xedea da "hainbat eredutako etxebizitzak eraikitzeko aukerak aztertzea, parte-hartzaileen artean adostea, eta ondoren, egitea". Aurreneko bilera irekia martxoaren 26an egingo dute, Sanagustin kulturgunean. 

Azpeitiko Udalak etxebizitza plangintzaren bigarren faseari ekingo dio aurten, eta horren barruan, Esklabak-Iturzulo eremuan babestutako beste 67 etxebizitza eraikiko ditu. Hori ez ezik, erakundeak "molde berriko" etxebizitzak eraikitzeko prozesua jarriko du martxan. Udalak otsailaren 13an agertu zuen prozesu parte-hartzailea irekitzeko asmoa, eta, orain, egitasmoaren inguruko xehetasunak jakinarazi ditu.  

"Molde berriko" etxebizitzak eraiki aurretik, Azpeitia, elkarrekin bizi prozesu parte-hartzailea jarriko du martxan Udalak. Izan ere, erakundearen helburua da "hamaika eredutako etxebizitzak eraikitzeko aukera aztertzea, parte hartzaileen artean adostea eta egitea". Prozesu horretan parte hartzen duten herritarrek adostutakoa "ahalik eta eperik motzenean" abian jartzeko konpromisoa agertu du Udalak. Martxoaren 26an egingo dute Azpeitia, elkarrekin bizi prozesuko aurreneko lehen bilera, Sanagustin kulturgunean, 19:00etan hasita. Bertan, egitasmoaren nondik norakoak azalduko dituzte, eta Euskal Herriko zein munduko zenbait txokotako "hainbat eredu" ezagutzeko aukera izango dela aurreratu du erakundeak. 

"Gure gizartea aldatzen doa, eta bizi eredu desberdinak dauden bezala, etxebizitza beharraren baitan, molde edo eredu desberdinetako etxebizitzak eraikitzeko aukera aztertu nahi dugu", adierazi du Josu Labaka zinegotziak. "Izaera eta osaera desberdineko familia unitateak daude gure gizartean; behar eta nahi desberdinekoak, eta horiei erantzuna ematea da helburua". Leire Goenaga zinegotziaren hitzetan, ohiko etxebizitza eredutik haratagoko "eredu interesgarri ugari" daude: "Aukerak asko dira, eta azpeitiarren beharrak eta nahiak ezagutzeko prozesu bat jarriko dugu abian". Labakak dei egin die herritarrei batzarrera bertara daitezen: "Etxebizitza kooperatiboak, komunitarioak… asmo adina aukera dugu etxebizitza eredu berri bat abian jartzeko. Horretarako gogoa duen herritar guztiak gonbidatzen ditugu prozesuan parte hartzera".

Eragileei eta norbanakoei irekita

Azpeitia, elkarrekin bizi prozesua irekia izango da, eta herritar orok har dezake parte bertan. Dena den, Udalak gazteengan jarri du arreta. "Gazteak gara etxebizitza behar handiena dugunak. Behar horri erantzuteko etxebizitza mota desberdinak daude, eta prozesu honetan, eredu horiek ezagutzeaz gain, behar horri ondoen erantzungo dion eredua eraikiko da", adierazi du Ainara Larrañaga zinegotziak.

Tokiko garapena sustatzeko espazioak, prozesuak eta estrategiak sortzen dituen Hiritik At kooperatibak gidatuko du Azpeitia, elkarrekin bizi! prozesua. Euskal Herriko hainbat herritan garatu ditu Hiritik At kooperatibak "molde berriko" etxebizitzak, hala nola Errenterian eta Usurbilen. Azpeitiko proiektuaz Maialen Arregi eta Karlos Renedo arduratuko dira. Haiek azaldu dutenez, esperientzietatik abiatuta egingo dute Azpeitiko prozesua: "Egin berri ditugu mota honetako proiektuak, eta, besteak beste, esperientzia horretatik abiatuta egingo dugu Azpeitikoa. Guk metodologia zirriborro bat proposatuko dugu. Baina guztia irekia da".

Hasteko, herriko eragileengana joko dute prozesuaren berri emateko eta erabiliko duten metodologia nahiz prozedura zein izan daitekeen azaltzeko. Hurrengo astetik aurrera hasiko dira eragileekin bilera horiek adosten. Aurreneko aurkezpena eragileei egingo badiete ere, norbanakoek hartuko dute parte prozesuan. Horregatik, Udalak dei egin die herritarrei martxoaren 26ko batzarrera bertara daitezen.