Kursaaleko ikuskizunetarako doako autobusak jarriko dituzte Azpeititik

Uztarria.eus 2019ko ots. 25a, 11:57
Donostiako Kursaal auditoria.

Kursaal Eskura egitasmora batu da Azpeitiko Udala, eta Donostiako auditorioan eskainiko dituzten emanaldietarako autobusa izango da Azpeititik. Martxoaren 7an estreinatuko dute garraio zerbitzua, Gustav Mahler Jugendorchester orkestrak Donostiako Orfeoiarekin eta Orfeoi Txikiarekin taularatuko duen Mahlerren 3. Sinfoniarekin.

Kursaal Eszenak martxan duen Kursaal Eskura egitasmoarekin bat egin du Azpeitiko Udalak. Horrela, herritarrek ere eskurago izango dute Donostiako auditorioan antolatzen dituzten musika edota arte eszenikoen ikuskizunez gozatzea, joan-etorria egiteko doako autobusak izango baitira.

"Kursaal eta bere programazioa Gipuzkoako biztanleei hurbiltzeko" asmoarekin jarri zuten martxan Kursaaleko arduradunek Kursaal Eskura. Urola Garaian, Urola Kostan, Debagoienan eta Debabarrenean dagoeneko erabiltzen duten zerbitzua Urola Erdira iritsiko da orain. Izan ere, Azpeititik ez ezik, Azkoititik eta Zestoatik ere jarriko dituzte autobusak Kursaalera joateko. 

Mahlerren 3. Sinfonia, hasteko

Martxoaren 7an izango dute Azpeitiko bizilagunek Kursaal Eskuraren doako garraio zerbitzua estreinatzeko aukera. Egun horretan, 20:00etan, Gustav Mahler Jugendorchester orkestrak Donostiako Orfeoiarekin eta Orfeoi Txikiarekin Mahlerren 3. Sinfonia emango du Kursaalean. Ez dute aurreratu hurrengo zer ikuskizunetarako jarriko duten berriro doako autobusa, ezta zenbat ikuskizunetarako jartzea aurreikusi duten ere. Kursaal Eszenak urtean 30 bat ikuskizun antolatzen ditu, baina denak ez dira Kursaal Eskura egitasmoaren barruan sartuko.

Autobusean izena emateko

Martxoaren 7ko musika emanaldira joan nahi dutenek, Kursaalen webgunean erosi behar dituzte sarrerak, doako autobus zerbitzuan erreserba egin aurretik. Autobusean tokia gordetzeko, berriz, Udalarekin jarri beharko dute harremanetan, 943-15 70 68 telefonora deituta edo  kultura@azpeitia.eus helbidera idatzita.

30 urtetik beherakoek zein langabetuek merkeago – hiru eurotan– eskura ditzakete sarrerak. Kasu horietan, sarrerak ere Udalarekin harremanetan jarrita erreserbatu beharko dituzte; ikuskizunaren egunean bertan, Kursaaleko leihatilan jasoko dituzte aurrez gordetako sarrerak, dagozkien egiaztagiriak aurkeztuta.

Martxoaren 4an bukatuko da martxoaren 7rako autobusetan izena emateko zein gazte edo langabetuentzako sarrerak erreserbatzeko epea. Martxoaren 7an, berriz, 18:45ean irtengo da autobusa Azpeititik Kursaalera, anbulatorio aurreko geltokitik.