Azpeitian jokatuko dute IX. Euskal Herria Koparen finala

Uztarria.eus 2019ko ots. 23a, 12:36
Euskal Herriko Koparen aurkezpeneko irudia. (Euskal Herria Kirola)

Finalaren data ez dute zehaztu oraindik, baina abuztuan Azpeitiko Garmendipe futbol zelaian izango da, Lagun Onak futbol taldearen 75. urtemuga dela eta. Kopan emakumeen hamabi euskal taldek parte hartuko dute, eta apirilaren bukaeran edo maiatzaren hasieran ekingo diote lehiari. Iñigo Arregi Lagun Onakeko presidentearen hitzetan, "ohorea" da finala Azpeitian jokatzea.

Atzo, ostirala, aurkeztu zuten 2019ko IX. Euskal Herria Kopa Bilboko Kafe Antzokian, eta han jakinarazi zutenez, finala Azpeitian jokatuko dute abuztuan. Aurkezpen ekitaldian izan ziren Euskal Herria Kirolaren ordezkariak –tartean Kike Zurutuza azpeitiarra–, hainbat euskal futbol taldetako jokalariak eta ordezkariak, Estitxu Elduaien Azpeitiko Udaleko Kirol batzordeburua eta Iñigo Arregi Lagun Onak futbol taldeko presidentea.

Aurreko edizioetan egindako bideari jarraituz, euskal futbolaren bilgune izan nahi du txapelketak. Horregatik aukeratu dute Gurea! leloa aurtengorako. Apirilaren bukaeran edo maiatzaren hasieran hasiko da txapelketa, eta emakumeen honako talde hauek parte hartuko dute lehian: Gipuzkoako, Reala, Oiartzun, Añorga eta Eibar; Bizkaiko, Athletic, San Inazio eta Bizkerre; Arabako, Alaves; Nafarroako, Mulier eta Berriozar; eta Lapurdiko, Aviron eta Genets. Hamabi talde horiek lau multzotan banatutako jokatuko dute txapelketa. Jokalariekin hala adostuta, kanporaketa guztiak partida bakarrekoak izanfo dira, eta ez da luzapenik izango horietan.

Ekainean jokatuko dituzte finalerdiak; hain zuzen ere, hilaren 8an eta 9an, eta egun horietan erabakiko da zein bi taldek jokatuko duten Euskal Herria Koparen IX. edizioaren finala. Finalaren data ez dute zehaztu oraindik, baina abuztuan Azpeitiko Garmendipe futbol zelaian izango da, Lagun Onak futbol taldearen 75. urtemuga dela eta. Iñigo Arregi presidenteak azaldu zuenez, "ohorea" da Euskal Herria Koparen finala Lagun Onaken zelaian jokatzea, horrek emakumeen futbolari "bultzada" emango diolako eta egiteko horretan "protagonista" sentitzen direlako. Estitxu Elduaien Kirol batzordeburuak, berriz, eskerrak eman zizkien koparen antolatzaileei, klubei nahiz kokalariei. "Emakumeen kirola ez da moda kontua izatez, eta finalaren eguna arrakastatsua izan dadin gure esku dagoen guztia egingo dugu", azaldu zuen.