Ikusmina sortu du elurrezko superilargiak

Elurrezko superilargi deitu dutenak argitu du bart zerua. Hain zuzen ere, izen hori jarri diote Ipar Amerikako hainbat herri indigenak tradizioz elurrezko deitzen ziotelako urteko bigarren ilargi beteari. Urtarrilean ere izan zen beste superilargi bat, eta martxoan ere izango da halakorik, baina atzokoa berezia izan zen; izan ere, 2026. urtera arte ez da haren tamainako superilargirik izango. Lurretik 356.649 kilometrora hurbildu zen bart ilargia; datozen zazpi urteetan ez da hain distantzia laburrera izango.

Irudi ikusgarriak utzi ditu gauean ilargiak, eta Azpeitian ere ikusmina sortu zuen herritarren artean. Batek baino gehiagok atera zituen gauean argazkiak, eta horietako bat da irudikoa. Alex Berasategi argazkilariak atera zuen, etxetik.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide