Karnabalak 2019

Ekitaldiz beteta datoz aurtengo karnabalak

Uztarria.eus 2019ko ots. 19a, 17:13
Ezkerretik eskuinera, Frantsesena, Zelaia, Labaka, Aranaga, Ibarzabal, Beristain eta Zendoia.

Egitarau oparoa prestatu dute herriko eragileek eta Udalak Karnabal festetarako, eta ohiko ekitaldiez gain, umeentzako zenbait ekintza ere antolatu dute aurtengoan. Zapatuan hasiko dira karnabalen atariko egitasmoak, kaldereroen konpartsaren kalejirarekin, eta igandean kontzertua eskainiko du Udal Musika Bandak. Festak, baina, datorren astean lehertuko dira.

Ekitaldi ugari antolatu dute eragileek eta Udalak iristear diren Karnabal jaietarako, eta egitarauaren aurkezpena egin dute hainbat lagunek gaur, asteartea, udaletxean. Aurkezpen ekitaldian izan dira Mikel Ibarzabal eta Ainhoa Beristain zinegotziak, Amaia Aranaga Itsasi dantza taldeko kidea, Jagoba Labaka Zezen Beltz elkarteko ordezkaria, Joxe Mari Zelaia artzain-iñudeekin ateratzen den danbor taldearen zuzendaria, Unai Frantsesena Udal Musika Bandako zuzendaria eta Belen Zendoia herriko hamar erakusleihotan ikusgai dauden mozorroen egilea.

Asteburu honetan hasiko dira festa horien atariko ekitaldiak, kaldereroen kalejirarekin. Hain zuzen ere, kaldereroen konpartsa kalez kale ibiliko da 19:00etan hasita, eta horiekin aterako dira Udal Musika Banda eta Juan Antxieta musika eskolako kideak. Arana kalean hasiko dute ibilbidea, eta Bustinzuriko Errebaletik, plazatik, Enparan kaletik, Erdikaletik, Elizkaletik nahiz Donejakue kaletik igaro ostean, plazan bukatuko dute kaldereroek kalejira; Trapu Zaharrak eta Kalderero martxa abestuko dituzte Alde Zaharreko hainbat txokotan.

Ibarzabalek azaldu duenez, gero eta herritar gehiagok parte hartzen du kaldereroen konpartsan, eta kalejiran aterako diren herritarrei eskatu die bandaren eta musika eskolako ikasleen aurretik eta atzetik osatzeko taldeak, musikariak kalejiraren erdian egin dezaten ibilbidea. Gainera, antolakuntzan ariko diren kideen argibideei kasu egiteko eskatu du zinegotziak.

Igandean, berriz, kontzertu berezia eskainiko dute Udal Musika Bandak eta Julian Barrenetxea abesbatzak. Karnabaletako abestien emanaldia Sanagustin kulturgunean izango da, 13:00etan hasita, eta Argazki Elkarteko kideek iazko karnabaletan ateratako argazkien proiekzioa eskainiko dute emanaldia egin bitartean.

Asteburu borobila

Martxoaren 1ean, ostiralez, euskal inauterien jaialdia eskainiko dute Azpeitiko Ikastola Ikasberriko kideek. 18:30ean Olazko Andre Mariaren plazan hasiko dute saioa, eta kalez kale ibili ostean, 19:30ean, plazan hainbat dantza egingo dute ikasleek.

Jai Karnabalaren bezperarako ere hainbat egitasmo antolatu du Udalak; izan ere, 12:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:30era txu-txu trenean ibiltzeko aukera izango dute herritarrek. Plazatik abiatuko du ibilbidea trenak, eta herrian barrena hainbat itzuli egingo du egun osoan zehar. Gainera, haurrentzako parkea ere izango da plazan, 16:00etatik 20:00etara bitartean.

Ekitaldi bete festa

Karnabalak, berriz, igandean lehertuko dira, Elegante Egunarekin murgilduko baitira azpeitiarrak hiru eguneko festetan. Ohiko moduan, artzain-iñudeen kalejira izango da eguerdi partean, eta horiekin batera aterako dira danbor taldea eta sansebastianetako umeen karroza. Itsasiren lokaletik aterako da artzain-iñudeen konpartsa igandean, eta San Martin egoitzan zortzikoa egin ostean, plazara joango dira dantzariak. Amaia Aranaga Itsasiko kideak herritarrei kalejiran parte-hartzeko deia egin die: "Kalejirako pertsonaiak irudikatzeko prest dauden herritarrak bilatzea kostatu egiten zaigu, eta atera nahi duenak Itsasiko kideokin harremanetan jarri besterik ez du. Oraindik garaiz gaude". Gainerakoan, musika ekitaldiak eta zezena izango dira Jai Karnabaleko protagonista nagusiak. Izan ere, Incansables eta Gau-Erdi txarangak eta Rock Kalean elektrotxaranga ibiliko dira Alde Zaharreko kaleak girotzen egun osoan zehar.

Igandea igaro eta indarrak gordeta dituztenek, astelehen goizean goizetik izango dute festarako aukera. Goizean, haurrentzako sokako zezena, zezen txikiak eta poniak izango dira, eta ondoren, erraldoi eta buruhandiek lagunduta, haurren mozorro desfilea egingo dute. Banda gaztea, txilibiteroak eta musika eskolako trikitilariak ariko dira desfilean giroa alaitzen, eta herritarrek umorea eta koloreak aterako dituzte kalera, desfilerako berariaz prestatutako mozorroekin. Desfilea bukatzean, gainera, Kantu Kolore taldearen dantzaldia izango da plazako kioskoan.

Gauean, Ilargi Beltza taldearen dantzaldia izango da plazan, eta Big Dancers Cadizko panpina erraldoiak, Los Pasai txaranga eta Kolpez Blai perkusio taldea ibiliko dira Alde Zaharrean barrena. Mozorro lehiaketako sari banaketa, berriz, 01:30ean egingo dute udaletxean. Aurten ere hainbat sari banatuko du Udalak: banakako hiru –200 eurokoa lehenarentzat, 150 eurokoa bigarrenarentzat eta bi lagunentzat afaria hirugarrenarentzat–, taldekako lau –800 euroko saria lehenarentzat, 700 eurokoa bigarrenarentzat, 500 eurokoa hirugarrenarentzat eta afaria laugarrenarentzat– eta inauteri giro onena duen tabernaren saria –lau lagunentzat afaria–.

Haurrentzako ekitaldiak, berrikuntza

Karnabal festetako berrikuntza nagusienak haurrei zuzendutako ekitaldiak dira. Izan ere, Astelehen Karnabal arratsalderako DJ festa eta txokolatada prestatu ditu Udalak aurten lehen aldiz. Azoka Plazan izango dira ekitaldiak, eta nahi duten gaztetxo eta haur guztiek izango dute bertaratzeko aukera. Bestalde, astearte arratsaldean, umeei eta gaztetxoei zuzendutako Txiki Chef tailerra izango da Azoka Plazan. Mikel Ibarzabal Festetako zinegotziak azaldu duenez, zortzi bat begiralek eskainiko dute tailerra, eta bertaratzen diren haurrek taloak, txokolatea nahiz piruletak prestatzeko aukera izango dute bertan.

Sokamutur bukaerako suziria

Sokamuturrari lotutako berrikuntza bat ere izango da aurtengoan. Jagoba Labaka Zezen Beltzeko kideak azaldu duenez, sokamuturra hasterako bi suziri botako dituzte ohiko moduan, baina bukatzean beste bat ere jaurtiko dute, herritarrek bukatu dela jakin dezaten. Gainera, herriko hainbat gunetan sokamuturraren ibilbidea irudikatzen duten kartelak jarriko dituzte, herritarrei zezena non dabilen jakinarazteko. Ohartarazpen bat ere egin du Labakak; hark gogorarazi du 16 urtetik gorako herritarrak soilik ibil daitezkeela sokamuturrean. Ohiko moduan, Jai Karnabalean, Astelehenen Karnabalean eta Astearte Karnabalean izango da sokamuturra herrian, eta horietan Lopene, Arno eta Bergarako Zezenak ganadutegietako zezenak aterako dituzte.

Eraso sexistarik ez

Azpeitiko Udalak, beste festa batzuetan bezala, karnabaletan ere jarriko du eraso sexisten aurkako informazio eta arreta gunea. Plaza txikian jarriko dute, Jai Karnabalean eta Astelehen Karnabalean, eta herritarrek bertara jo ahal izango dute informazio eske.

Hona hemen Karnabal jaietako egitarau osoa:

Otsailak 23, zapatua

19:00. Kaldereroen kalejira, Arana kaletik hasita. Kalez kale ibili ostean, plazan bukatuko dute ibilbidea.

23:00. Hezurbeltzak taldearen kontzertua, Sanagustin kulturgunean.


Otsailak 24, igandea

13:00. Udal Musika Bandaren eta Julian Barrenetxea abesbatzaren karnabaletako kontzertua, Sanagustin kulturgunean.


Martxoak 1, ostirala

18:30. Euskal inauterien jaialdia, Azpeitiko Ikastola Ikasberriren eskutik. Olazko Andre Mariaren plazatik abiatuko dira, eta plazan bukatuko dute saioa.


Martxoak 2, zapatua

12:00-14:00 eta 16:00-19:30. Txu-txu trena. Plazatik abiatuko da eta herrian zehar egingo du itzulia.

16:30-20:00. Haurrentzako parkea, plazan.

16:30. Dragoi bola: Broly filmaren emanaldia, Soreasu antzokian.

19:00. Urrezko Aizkolarien Binakako Txapeltako, Aizkolari Gazteen Binakako Txapelketako, Harrijasotzaileen Bi Harri Txapelketako eta Emakume Aizkolarien Txapelketako finalak, Izarraitz pilotalekuan.

19:30. El rey filmaren emanaldia, Soreasu antzokian.


Martxoak 3, Jai Karnabala

09:00. Izarraitz txistulari taldearen diana.

11:30. Udal Musika Bandaren eta Eltziegoko gaiteroen kalejira.

11:30. Incasables txarangaren emanaldia.

12:00. XXXX. Sokamuturra Argazki Lehiaketa eta Imanol Elias saria.

12:00. Sokamuturra, plazan.

12:30. Artzain-inudeen kalejira, Itsasiren egoitzatik abiatuta. Danbor taldea, Eltziegoko gaiteroak eta Juan Antxieta musika eskolako txistulariak ere kalejiran ibiliko dira. Gainera, sansebastianetako umeen karroza aterako dute kalera.

12:30-15:00. Incansables txarangaren emanaldia.

16:15. Zezenaren irteera girotzen ariko dira Izarraitz txistulari taldea eta Udal Musika Banda, Plaza Txikian.

16:30. Sokamuturra, Erdikalean hasita.

19:00-23:00. Rock kalean elektrotxarangaren emanaldia.

19:30-23:30. Gau-Erdi txaranga.


Martxoak 4, Astelehen Karnabala

11:00. Umeentzako sokako zezena, Erdikalean.

Ondoren, zezen txikiak eta poniak, plazan.

12:30. Mozorro desfilea, erraldoiek eta buruhandiek lagunduta.

Ondoren, Kantu Kolore taldearen emanaldia, plazako kioskoan.

16:00. DJ festa eta txokolatada, Azoka Plazan.

16:15. Zezenaren irteera girotzen ariko dira Izarraitz txistulari taldea eta Udal Musika Banda, Plaza Txikian.

16:30. Sokamuturra, Erdikalean hasita.

19:30. Udal Musika Bandaren kalejira.

19:30. Urolatarrak txarangaren emanaldia.

23:30-02:30. Ilargi Beltza taldearen dantzaldia, plazako kioskoan.

00:00. Big Dancers panpin erraldoien ikuskizuna, Pasai txarangaren emanaldia eta Kolpez Blai perkusio taldearen emanaldia, kalez kale.

00:30. Itsasiko ttuntturroen kalejira.

00:30. Helduen mozorro lehiaketa.

01:30. Helduen mozorro lehiaketako sari banaketa, udaletxean.

02:00. Los Pasai txarangaren kalejira.


Martxoak 5, Astearte Karnabala

06:15. Udal Musika Bandaren goiz eresia.

06:45. Zezenaren irteera girotzen ariko dira Izarraitz txistulari taldea eta Udal Musika Banda, Plaza Txikian.

07:00. Sokamuturra, Erdikalean hasita.

12:00. Banda gaztearen kalejira.

16:00. Txiki chef tailerrak, Azoka Plazan.

16:15. Zezenaren irteera girotzen ariko dira Izarraitz txistulari taldea eta Udal Musika Banda, Plaza Txikian.

16:30. Sokamuturra.

18:30. Irulitxa txarangaren emanaldia.

20:00. Suzko zezena, plazan. Irulitxa txaranga ariko da giroa alaitzen.