Zezen txikiak, sokamuturra eta protestak izan dira eguneko protagonista

Uztarria.eus 2019ko urt. 27a, 14:06

Gaur, igandea, umeentzako sokamuturra eta zezen txikiak izan dira eguerdi partean. 12:00etan atera da sokako zezena Erdikaletik, eta 13:00ak arte Arno ganadutegiko zezen txikiak eta poniak izan dira plazan. Jende ugari bertaratu da plazara. Gainera, Oinatz elkarte animalistak deituta, sokamuturraren aurkako kontzentrazioa egin dute hainbat lagunek Azoka Plazaren aurrean. Hainbat lelo aldarrikatu dituzte, "animalienganako tratu txarrak" salatzeko. Protestan ari ziren lagunetako batzuk hesituta zegoen gunean ere aritu dira beren aldarrikapenak egiten, eta Udaltzaingoa eta Ertzaintza bertaratu dira lekura. Dena den, ez da istilurik izan.

Arratsaldean, berriz, sokamuturra izan da. 16:30ean atera da zezena Erdikaletik, eta ohiko ibilbidea egin dute. Jendetza atera da sokamuturrera, nahiz eta zaparrada batzuk egin dituen. Bergarako Zezenak ganadutegikoak izango dira sokamuturrean aterako dituzten zezenak. Oinatz elkarte animalistak deituta, dozena erdi inguru lagunek elkarretaratzea egin dute plazan.

Hurrengo sokamuturra Karnabaletan izango da. Aurtengo Jai Karnabala martxoaren 3an izango da.