Gorka Larrañaga: "Orain artekoa ahaztu gabe, beste bide bat hasi nahi dut"

Urola Kostako Hitza 2019ko urt. 25a, 12:12
Gorka Larragaña. (Ane Olaizola)

Etapa berri bati ekin dio Gorka Larrañaga (Azkoitia, 1974) artistak, eta horren erakusgarri da Reset erakusketa. Azpeitian ireki duten Zuri Hartz galerian ikus daitezke haren lanak. Urola Kostako Hitzak azkoitiar artista elkarrizketatu du.

Zer da Reset erakusketa?

Azken urteetan Mexikoko motiboekin egin dut lan, eta orain, diskurtsoa husten ari naiz. Lehen egiten nuenak bazuen inguruarekin lotutako narrazio eta kontzeptualizazio puntu bat. Orain, irudiei ematen diet garrantzia, narratiba alde batera utzita. Arte garaikideak duen konplexu bat izan daiteke hori, eta irudiari errekonozimendua eman nahi diot. Metodologia bat ari naiz garatzen lan egiteko orduan, eta urteetan neureganatu dudan ibilbidea kontuan hartuz, irudia erdigunean jartzen ari naiz. Irudiak modu autonomoan hitz egitea da dudan erronka.

Margoekin jarraitu al duzu erakusketa hau egiteko?

Azken urteetan asko marraztu dut. Irudiek, margoek zein marrazkiek indar handia dute Mexikon, eta marrazkia bera arte garaikidearen tresna bihurtu da; autonomia hartu du marrazkiak, eta medio bat bilakatu da bere horretan. Betidanik izan naiz marrazkilaria, eta erakusketa honetan margoa ez dut guztiz baztertu, baina garrantzia eman diet marrazkien lerroei, kontrasteei eta gama grisei.

Orain arte bezala, collageak egin dituzu, baina koloreak albo batera utzita.

Reset ariketak eragina izan du koloreak albo batera uztean. Beti izan naiz oso kolorista, eta nire lanak bizarro eta hortero samarrak izan dira. Baina bete egin naiz horrekin, eta orain beste kalitate batzuekin lan egitea nahi dut. Erakusketa honetan, zazpi erretratu fotoerrealista hartu eta modu oso errealistan kopiatu ditut. Irudiaren kalitatea eskuarekin erreproduzitzea gustatzen zait; irudiak moztu ditut, eta guztiz zehatza zen irudi batetik erabat abstraktuak diren bestelako lanak sortu ditut. Batzuetan antzematen da begia edo sudurra dela, baina irudia ikuslearentzat ezustekoa izan dadin nahi dut.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.