Gorenak berretsi du baliogabea izan zela erraustegiaren kontratua bertan behera uzteko erabakia

Uztarria.eus 2019ko urt. 21a, 12:09
Errazkin eta Intxaurrandieta Azpeitian egindako ekitaldi batean.

Tolosaldeko eta Urola Erdiko mankomunitateek helegitea aurkeztu zuten, baina Espainiako Auzitegi Gorenak ez du tramitera onartu. Gorenaren epaiarekin bukaerara iritsi da erraustegia geldiaraztearen inguruko auzia. Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) 2017an erabaki zuen Iñaki Errazkin Ingurumen diputatu ohi azpeitiarra eta Ainhoa Intxaurrandieta kontsortzioko aurreko lehendakaria auzitara eramatea.

Zubietako erraustegi proiektuaren kontratua bertan behera uzteko erabakia baliogabea dela berretsi du Espainiako Auzitegi Gorenak. EH Bilduk 2013an hartu zuen kontratua bertan behera uzteko erabakia, eta Zubietan eraikitzekoak ziren erraustegiaren aurreneko proiektua geldiarazi zuen. Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) 2017an erabaki zuen Iñaki Errazkin Ingurumen diputatu ohi azpeitiarra eta Ainhoa Intxaurrandieta kontsortzioko aurreko lehendakaria auzitara eramatea. Hain zuzen ere, salaketa horren bitartez, 2013an Zubietako erraustegiaren lanak gelditzeak "eragindako kalte ekonomikoa" beren gain har dezaten nahi zuten GHKren gaur egungo buruek.

Gorenak orain egun gutxi kaleratutako epaiarekin bukaerara iritsi da erraustegia geldiaraztearen inguruko auzia; izan ere, epaitegi horrek kaleratutako ebazpena irmoa da. 2016ko abenduan, erraustegiaren kontratua bertan behera uzteko erabakia baliogabea zela jakinarazi zuen Donostiako auzitegi batek. Epai hura berretsi zuen joan zen urtarrilarean, EAEko Auzitegi Nagusiak. Tolosaldeko eta Urola Erdiko mankomunitateek helegitea aurkeztu zuten, baina Espainiako Auzitegi Gorenak ez du tramitera onartu.

EH Bildu koalizioa Gipuzkoako Foru Aldundiko agintean zela, GHK-k bertan behera utzi zuen Zubietan errauste planta eraikitzeko aurreko legealditik martxan zen kontratua; EH Bilduk jakinarazi zuen kalte-ordainak itundu zituela enpresa eraikitzaileekin –8,2 milioi ordaindu zizkion kontsortzioak adjudikazioa zuen enpresa taldeari–. 2013an Zubietako erraustegiaren lanak gelditzeak "eragindako kalte ekonomikoa" beren gain har zezaten nahi zuten GHKren gaur egungo buruek, hau da, 40 milioi euro baino gehiagoko zigorra eskatzen zuen akusazioak Errazkinentzat eta Intxaurrandietarentzat, eta EAJren eta PSE-EEren aldeko bozekin eraman zituen GHK-k Errazkin eta Intxaurrandieta auzitara.

Dena den, joan zen urriaren 10ean jakinarazi zuen Espainiako Kontu Auzitegiak bi auzipetuen aldeko ebazpena. Apirilaren 12an epaitu zituzten bi lagunak Madrilen, eta Errazkini eta Intxaurrandietari arrazoia eman zien epaitegiak. Izan ere, auzitegiak ontzat eman ditu EH Bilduko agintari ohien argudioak, eta errugabetu egin ditu erraustegi plantaren proiektua bertan behera uzteagatik leporatzen zitzaizkien kontabilitate erantzukizunetatik. Auzitegiak ebatzi zuen erraustegiaren proiektua "gaindimentsionatuta" zegoela. Gainera, epaian jasota dagoenez, erraustegia gelditzeko hartutako erabakiak onura ekarri zion Gipuzkoari, proiektua martxan jartzeak kalte ekonomiko handiagoa eragingo zuelako. GHK-k joan zen urrian jakinarazi zuen epai horren aurkako helegitea jarriko zuela.