Bihotz-biriken suspertze eta lehen sorospen ikastaroak emango ditu DYAk urtarrilean

Uztarria.eus 2019ko urt. 9a, 10:14

Sorospen ikastaroa hilaren 14an izango da, eta bihotz-biriken suspertze tailerra urtarrilaren 19an. Sorospen saioan edonork parte har dezakete, eta doakoa da. Bihotz-biriken suspertze tailerra, berriz, familiei zuzendutakoa da, eta 17 urtetik gorakoek zortzi euro ordaindu beharko dute. Bi ikastaroak DYAk Azpeitian duen ordezkaritzan, Urola kalean, izango dira.

DYAk bi ikastaro antolatu ditu urtarrilerako: lehen sorospenena eta bihotz-biriken suspertze teknikena. Ongizatea eta osasuna sustatzeko egiten duen lanaren barruan antolatu ditu saioak DYAren Irakaskuntza Eskolak, eta lehen sorospen ikastaroa hilaren 14an, astelehena, izango da. Doako saioa 19:00etatik 21:00etara izango da, eta larrialdien edo istripuen aurrean zer egin eta zer ez egin irakatsiko dute bertan. Besteak beste, itolarriak, zauriak, erredurak, traumatismoak, bularreko minak, isurketak, garuneko tronbosiak, konbultsioak, konorte galerak... izango dituzte hizpide.

Bigarren ikastaroa, bihotz-biriken suspertze tailerra, urtarrilaren 19an, zapatua, izango da, 17:00etatik 19:00etara. Familientzat prestatutako saioa izango da, eta helduek nahiz 6 urtetik gorako umeek eman dezakete izena –heldu bakoitzak hiru umerekin batera parte hartu ahal izango du–. "Modu erraz eta praktikoan" irakatsiko dute bihotz geldialdi bat identifikatzen eta horren aurrean jokatzen. Saioa zortzi euro ordaindu beharko dute helduek, eta 17 urtetik beherako haurrek nahiz gazteek doan parte hartu ahal izango dute tailerrean.

Bi ikastaroak DYAk Azpeitian duen ordezkaritzan, Urola kalean, izango dira. Izena eman edo informazio gehiago eskuratu nahi dutenek 943 46 46 22 telefono zenbakira deitu dezakete.