Gaztetxean elkartutako lagunak txunditu ditu Hoi Denk Zirkue! ikuskizunak

Uztarria.eus 2019ko urt. 4a, 13:07

Magiaz, umorez, algaraz eta dantzaz bete zen atzo, urtarrilak 3, Azpeitiko Gaztetxea, Hoi Denk Zirkue! ikuskizunaren galan. Dozenaka haur, gaztetxo eta guraso elkartu ziren bertan, Gaztetxeak antolatutako zirkoaren hirugarren edizio ikusteko, eta gogotik gozatu zuten emanaldiak iraun zuen bitartean. Estenatokia dotore zegoen atzokoan, asanbladako kideek Gaztetxea zirkoz jantzi baitzuten ikuskizunerako; kolore beltza, zuria eta gorria nabarmentzen ziren. Agertokia bezain dotore agertu ziren Hoi Denk Zirkue! ikuskizuneko protagonistak, eta ez zuten hutsik egin. Oholtzara igo ziren bost lagunak –horietatik hiru azpeitiarrak– beren abileziak elkarbanatu zituzten Gaztetxera bertaratutako lagunekin.

Ipuin kontalarari misteriotsuaren azalean jarrita, Xanti Agirrezabalak ireki zuen atzoko gala, Hoi Denk Zirkue! ikuskizuna iragartzeko egindako Bazen behin... bideoari keinu eginez. Hark sarrera eman zion Ekain Txouren emanaldiari. Ikusleen parte hartzea bilatu zuen Ekain Ibargurenek atzokoan, eta lagun bat baino gehiago animatu zen oholtzara igotzera. Ekain Txouk proposatutako ekintzei ondo baino hobeto jarraitu zieten parte-hartzaileek. Ondoren, zisne salatzaile baten paperean dantzan aritu zen Agirrezabala, "txiklezko neska" aurkeztu aurretik. Garazi Urkolak dantza elastikoa eskaini zuen bere emanaldian, eta txundituta utzi zituen Gaztetxera hurbildutako lagunak. Emanaldi horrekin ez ezik, ikusleak aho zabalik gelditu ziren ostruka bihurtu zen Xanti Agirrezabalarekin. Iraitz Lizarragak trapezioan dituen abileziak erakutsi zituen jarraian. Amonaz jantzita igo zen trapeziora, eta dotore amaitu zuen emanaldia, denetariko akrobaziak eginda. Iagomagok magia trikimailuekin txunditu zituen Gaztetxeko zirkora bertaratuta haurrak zein helduak. Hark ere herritarren parte-hartzea bilatu zuen ikuskizunean, eta oholtzara igotako lagunak aho zabalik laga zituen magia eginez. Ekain Txouk eta Iraitz Lizarragaren umorezko eta hitz gabeko elkarrizketa batek itxi zuen 2019ko Hoi Denk Zirkue, bertaratu ziren lagunen txalo zaparrada artean. 

Ikuskizuna hasterako, Azpeitiko Gaztetxeko kide bat eta Donostiako Alde Zaharreko Kijera gaztetxeko bi kide igo ziren oholtzara, eta gogoan izan zituzten gune autogestionatuak. Donostiako kideek gogoratu zuten utzarazte arriskuan dagoela Kijera, eta hara joateko deia egin zuten. Azpeitiko Gaztetxeak ere bere babesa agertu zion Donostiako Alde Zaharreko Gaztetxeari galan bertan zein sare sozialetan: "Berdin du zenbat lagun etorri diren, edo bat, edo bi, edo hiru, edo 300, baina jendetza hori etorri izena aprobetxatu nahi izan dugu gure babesa agertzeko arriskuan dagoen Kijera gaztetxeko kideei". 

(Argazkiak: Uztarria eta Azpeitiko Gaztetxea)