Santo Tomas egunaren ajeak

Uztarria.eus 2018ko abe. 23a, 17:40

Loiolabideko jolas parke batek atzo goizean zuen itxura jaso du argazkiotan herritar batek, eguerdian estanpa berak irauten zuela azpimarratuz. Botilak, edalontziak, plastikozko poltsak eta zaborra ageri dira barreiatuta. "Santotomasetan herrian bizitako giro ezin hobeak badu bere aurpegi ezkutua", dio herritar horrek argazkiekin batera Uztarriara igorri duen mezuan.

Zabarkeria saihesteko neurriak hartu behar liratekeela ere badio, baita festa ondorenean garbiketa zerbitzuak indartu beharko liratekeela ere, bere kritikak "eraikitzailea" izan nahi duela nabarmenduta: "Ekintza bereziak egon beharko lukete gauza hauek saihesteko. Zer da gure umeek ikasten dutena? Ikusten dutena, dudarik gabe. Udalaren aldetik garbitasun zerbitzu berezia egon beharko luke jaiegun baten ondoren, eta hori ez bada posible, debekatu horrelako ekintzak... zerbait. Ezin dugu normaltzat hartu, festa ondoren gure parkeak itxura honekin esnatzea".