Zapatuko azken autobusean tokirik ez zegoelako Donostian "salduta" gelditu zirela salatu du hainbat erabiltzailek

Uztarria.eus 2018ko abe. 10a, 17:23
La Guipuzcoanaren autobus bat, Donostian. (La Guipuzcoana)

Donostia eta Azkoitia lotzen dituen Lurraldebusen UK01 lineako 22:05eko zerbitzuan ez zuen errefortzurik jarri La Guipuzcoanak, eta hamabost-hogei lagun inguruk beren kabuz moldatu behar izan zuten etxera itzultzeko. Garraio enpresak azaldu du aurreko beste hiru zerbitzuetan jarri zituztela autobus gehigarriak, baina azken zerbitzurako ez zutela halakorik aurreikusi, "normalean autobus hori ez delako betetzen".

"Salduta". Horrela gelditu ziren joan den zapatu gauean Azpeitiko eta inguruetako hamabost-hogei bat lagun Donostiako Askatasunaren Hiribideko autobus geltokian. Donostia eta Azkoitia lotzen dituen Lurraldebusen UK01 lineako azken autobusaren zain zeuden guztiak, 22:05ean Donostiatik ateratzen den autobusaren zain. Baina ia guztiz beteta iritsi zen autobusa geltoki horretara. "Pertsona bakarra igo zen eta gainerakoontzako tokirik ez zegoela esan ziguten", azaldu du kalean gelditu zen erabiltzaileetako batek. Ondoren iritsi zen erabiltzaileen haserrea eta kexa piztu zituen erantzuna: "Beste autobusik jarriko al zuten galdetuta, ezetz esan ziguten. Eta han gelditu ginen, salduta, ordu horretan, beste autobusik ez eta etxera bueltatzeko nola moldatu beharko genuen ez genekiela". Bakoitzak ahal zuen moduan egin zuen; batzuek taxiak hartu zituzten, beste batzuek etxekoei deitu eta bila joateko eskatu zieten...

Oraindik haserre zeuden gaur erabiltzaile horietako batzuk eta horregatik salatu nahi izan dute gertatutakoa.

"Kasu puntual bat"

La Guipuzcoanak onartu du ez zutela aurreikusita azken zerbitzu hori indartzea, igande eta jaiegunetako –zapatua jaieguna zen– eguneko azken autobusean "normalean plazak sobera" izan ohi direlako.

"Egunero hartzen dugu kontuan Donostiara zenbat jende joaten den. Igande eta jaiegunetan, horrez gain, aurreko urteetan data horietan izandako mugimenduak kontuan hartzen ditugu. Horiek oinarri hartuta, aurreko hiru zerbitzuak indartu ziren [19:05ekoa, 20:05ekoa eta 21:05ekoa]. 22:05ekoan ez zen egon bigarren autobusik, normalean autobus hori ez delako betetzen". Joan den zapatuan gertatutakoa "kasu puntual bat" izan zela diote. "Behin bidaia hasitakoan, beharra zegoela ikusi zenean, berandu zen jada Azkoititik beste autobus bat bidaltzeko", esan dute, "gertatutakoa sentitzen" dutela eta "horrelakorik gehiago ez gertatzeko" ahaleginak egingo dituztela gaineratuta.