Euskaraldia

Gorka Agirre: "Euskaraldia hasi baino lehen ekin nion Zangozan ariketa hori praktikatzeari"

Uztarria.eus 2018ko abe. 3a, 11:06
Gorka Agirre, Zangozan. (Utzitakoa)

Zangozako ikastolako irakaslea da Gorka Agirre (Azpeitia, 1990), eta Euskaraldia ariketa soziala antolatzeko hango lantaldean parte hartu du. Nafarroako udalerri horretan beste errealitate batekin egin du topo, eta Azpeitiko euskararen erabilerarekin alderatuta, oso bestelako egoera bizi dute han. Zangozan Euskaraldirako izena eman duten 150 lagunetako bat da Agirre, eta ahobizi rola hartu du. Bera da Euskaraldiaren 11 ertzak serieko 11. eta azken elkarrizketatua.

Euskaraldia antolatzen ari zara Zangozan. Nolako harrera izan du egitasmoak han?

Ez du izugarrizko erantzunik izan. Zangozarrek esaten dute izena eman dutenak baino euskaldun gehiago bizi direla han. Zenbatek eman zuten izena ikusi nuenean, ez nuen jakin esaten asko edo gutxi ziren; ezjakintasun sentipenarekin geratu nintzen.

Zein da euskararen hango egoera?

Hemen oso gutxik hitz egiten dute euskaraz. Herrian ikastola dago, eta inguruko arnasgune bakarra hura dela esango nuke. Izan ere, kalean oso gutxi entzuten da euskara. Bi Haizetara euskara taldeko edo ikastolako umeak ez badira hitz egiten ari direnak, oso zaila da euskara entzutea Zangozan.

Nafarroan, hango gobernuak ezarritako eremu mistoan dago Zangoza. Horrek izan al du eraginik Euskaraldia antolatzeko orduan?

Euskararen erabilerak normalizaziorako bidean egon beharko luke, baina euskararekiko dagoen babesa urria da han. Izan ere, besteak beste, erakundeek babes handirik ez dute erakusten. Zangozan, AEK, ikastola eta euskara taldea izan dira egitasmoa finantzatu dutenak.

Nolako kontrastea antzeman duzu Azpeitiaren eta Zangozaren artean?

Kontrastea ikaragarria da. Zangozan zer moduz nagoen galdetzen didatenean, beti esaten diet beste errealitate bat dela hangoa. Sentipena dut Espainian nagoela, baina Euskal Herrian nago, eta euskararekiko dudan atxikimenduak bultzatuta, Euskaraldia hasi baino lehen ekin nion ariketa hori praktikatzeari: Zangozara etorri nintzen momentutik, kafea euskaraz eskatzen dut, erosketak euskaraz egiten ditut...

Ahobizi rola hartu duzu Euskaraldian. Desberdintasunik nabari al duzu bi herrietan rol hori jokatzerako orduan?

Egia esan, txapak oso gutxi ikusten dira Zangozan, eta, gutxieneko jarrerarik ez baduzu behintzat, zaila da rola aurrera eramatea. Zangozan antolatu ditugun ekintzetan jende gutxi ari da parte hartzen. Aurreko batean, hiru pertsona joan ginen mendi irteerara, bi ahobizi eta belarriprest bat. Belarriprestarentzat izugarrizko esperientzia izan zen hura, beste biok euskaraz egiten genuelako. Zenbait unetan, esandakoa gaztelaniara itzultzen genion guk hari. Halako gauza txikiekin pentsamendua aldatzen hasten bagara, Euskaraldiak dituen helburuak beteko genituzke.