Euskaraldia

Maite Aramendi: "Erakundeetako langileok ardura dugu erreferente izateko eta herritarrei lehen hitza euskaraz egiteko"

Uztarria.eus 2018ko aza. 24a, 12:08
Maite Aramendi Ibaieta Donostiako Udaleko Finantza Saileko langilea da..

Maite Aramendi Ibaieta (Azpeitia, 1985) Donostiako Udaleko teknikari juridikoa da, eta hark ahobizi rola hartu du Euskaraldia ariketa sozialean. Argi du administrazio publikoan ez direla beti errespetatzen herritarren hizkuntza hautuak, eta uste du Euskaraldia bezalako egitasmoek lagundu dezaketela hizkuntza ohiturak-eta aldatzen. Aramendi da Uztarriaren Euskaraldiaren 11 ertzak serieko bigarren elkarrizketatua.

Donostiako Udalean lan egiten duzu. Zenbaterainokoa da zure lan eremuan euskararen presentzia?

Eremu juridikoan egiten dut lan, eta arlo horrek berarekin darama gaztelania gailentzea; izan ere, esku artean erabili ohi dudan dokumentazio gehiena –nire oinarrizko lanabesa– gaztelania hutsean idatzitakoa da, hala nola hainbat lege, epaiak, notaritzako dokumentuak, beste administrazio batzuen txostenak, aseguru polizak eta abar. Horrek, orokorrean, idatzizko komunikazioan gaztelaniaren presentzia erabatekoa izatea eragiten du. Hala ere, nik hautua egina dut: nire ustez, idatzizko erabilera formalean, itzulpen huts diren euskarazko dokumentazioetatik harago joateak berebiziko garrantzia du. Oso orokortua da euskarazko testuen jatorria gaztelaniazkoetan egotea. Nik euskaraz sortzen dut, lanaren oinarrian euskara dago, nahiz eta askotan errazagoa eta karga gutxiagoko lana litzatekeen gaztelaniaz sortzea. Itzulpen zerbitzua erabili behar badut, gaztelaniara itzultzekoa erabiltzen saiatzen naiz, salbuespenak salbuespen. Ahozko komunikazioari dagokionez, berriz, hasiera batean zeharo harritu banintzen ere, euskaraz gaztelaniaz baino gehiago egiten dut, bai eremu formalean, baita informalean ere.

Beste administrazio publiko batzuetan ere egin duzu lan. Ba al dira desberdintasunak herrialdetik herrialdera eta administraziotik administraziora?

Donostiako Udalean lanean hasi aurretik, Eusko Jaurlaritzan aritu nintzen, Gasteizen. Zoritxarrez, eta nire amorraziorako, bulegoan sartzen nintzenetik irteten nintzenera arte ez nuen euskaraz hitz bat bera ere egiten; euskara ez nuen erabiltzen ez idatzizko komunikazioan, ez ahozkoan. Horrek argi uzten du lanpostuetan euskararen hizkuntza eskakizuna eskatzeak zer garrantzia duen, baita lanpostua perfilatzeak soilik ez duela euskarazko funtzionamendua bermatzen ere. Hizkuntza eskakizunak ezartzeak berarekin ekarri behar du lanerako hizkuntza euskara izatea. Horretarako, ordea, erabaki politiko argiak hartu behar dira. Ezin du egon egokitzen den langilearen esku euskara lanerako hizkuntza izatea edo ez; bestela, ziurtagiriak ziurtagiri, ez da bermatzen euskararen presentzia administrazio publikoan. Eta bide horretan, nire ustez, ezinbestekoa da baliabideak –baliabide tekniko, material nahiz formazioa– eskaintzea, ezagutza eta erabilera orekatzeko. Baina, era berean, hizkuntza ohiturak aldatu behar dira, motibazioa landuz. Eta bide horretan, Euskaraldia bezalako egitasmoek lagundu dezaketela uste dut.

Zer garrantzia du erakundeak euskaraz funtzionatzeak, erreferentzia moduan?

Erakunde publikoen egitekoa da herritarrei zerbitzu ona ematea, eta besteak beste, egiteko hori herritarren hizkuntz hautua errespetatuta lortzen da. Errespetu horrek erabatekoa izan behar du gainera; euskarazkoa eta kalitatezkoa den zerbitzua eskaini behar dute erakundeek. Horrez gain, esan behar da, euskaraz funtzionatzea eta herritarrak euskaraz artatzea ez direla gauza bera. Euskarak izan behar luke herritarren zerbitzurako hizkuntza, eta barruko lanean normaltasunez erabili beharko litzatekeena ere bai. Eta erreferentzialtasuna bi horien orekak ekarriko luke. Nire ustez, beharrezkoa da erakundeak horren eredu izatea.

Askotan esaten da administrazioan bigarren mailan gelditzen dela euskara. Hala dela esango al zenuke?

Orokorrean, dudarik gabe. Euskara eta euskaldunak, biak dira gehiegitan bigarren mailan gelditzen direnak. Ni administrazioaren bi aldeetan nago, eta herritar gisa iraindua behin baino gehiagotan sentitu izan naiz. Adibide oso adierazgarriak izan daitezke honako hauek: Hizkuntza Eskola Ofizialera deitu eta gaztelaniaz hitz egiteko eskatu zidaten; ez balitz hain gai serioa, komikoa litzateke egoera. Administrazioan sartzeko frogetan, berriz, azterketa euskaraz egiteko hautua egin arren, nahitaez gaztelaniazko galderak irakurtzera behartzen zaituzte, itzulpenak ulergaitzak direlako.

Zure lantokian euskaraz aritzeko oztoporik aurkitzen al duzu egunerokoan?

Aurrez aipatu dudan moduan, oztoporik nagusiena bitarteko asko gaztelaniaz soilik egotea da, horrek lana bikoiztea baitakar berarekin; hau da, euskaratzea eta egin beharrekoa egitea. Bestalde, euskaraz ez dakiten lankideak baditut, baina horietako gehienak belarriprest paregabeak dira eta euskararekiko jarrera positiboa dute.

Herritarrek euskararen aldeko hautua egiten al dute administrazioaren aurrean? Eta baiezko kasuan, administrazioak nola erantzuten du?

Denetarik dago, noski. Baina bai, badira administrazioaren aurrean euskarazko hautua egiten dutenak, eta beraiekin komunikatzeko hizkuntza bakarra euskara izatea eskatzen dutenak ere bai. Horren aurrean administrazioak nola erantzuten duen? Ni ere banaiz administrazio publikoa, eta nik plazer handiz euskaraz erantzuten diet. Halere, argi dago ez direla beti errespetatzen herritarren hautuak. Lehen aipatu ditudan adibideez gain, badira beste hainbat. Osasungintzako egoeraren azterketa egin berri du UEMAk, eta esate baterako, bertan ikusi da Zestoako, Aizarnazabalgo eta Getariako haurrek ez dutela aukerarik pediatra zerbitzuak euskaraz jasotzeko; hori eskubide urraketa bat da.

Era berean, badira oraindik orain, erakundeetara gerturatzean beren hizkuntza aldatu eta gaztelaniaz hitz egiten duten herritarrak ere, administrazioaren berezko hizkuntza gaztelania dela transmititu delako urteetan. Lehen hitza euskaraz egiten zaienean, sumatzen dira egoera horiek. Horregatik uste dut erakundeetako langileok ardura dugula erreferente izateko eta herritarrei lehen hitza euskaraz egiteko. Lehen hitza euskaraz egiten dugun bakoitzean, euskarari aukera bat ematen diogu elkarrizketa horretan; izan ere, askotan, parean dugunak euskaraz jakin arren, konplexuagatik edo, gaztelaniaren hautua egin dezake.