Euskaraldia

Iñaki Bastida: "Euskaraz abestuko ez bagenu, ez ginateke Egurra ta Kitto izango"

Uztarria.eus 2018ko aza. 23a, 13:26
Iñaki Bastida Egurra ta Kitto musika taldeko bateria-jotzailea.

Iñaki Bastida (Azpeitia, 1991) Egurra ta Kitto musika taldeko bateria-jotzaileak ahobizi rola hartuko du gaurtik abenduaren 3a bitartean. Musika taldeak euskara hutsean egiten ditu abestien hitzak. Bastida da Uztarriaren Euskaraldiaren 11 ertzak serieko lehen elkarrizketatua.

Egurra ta Kittok jarrera jakina du hizkuntzari dagokionez, abesti guztiak euskaraz egiten ditu. Zergatik hartu duzue erabaki hori?

Pentsatu gabe hartutako erabakia izan da. Euskara da gure hizkuntza, eta taldekide guztiok euskara erabiltzen dugu egunerokoan. Beraz, kantuak egiterako orduan, automatikoki irteten zaigu euskara. Pentsatu izan bagenu ere, ziur, erabaki bera hartuko genukeen.

Garrantzitsua al da musika taldeek euskararen aldeko hautua egitea?

Bai, oso garrantzitsua da. Jendaurrean ari dena, eredua izaten da ikus-entzuleentzat, eta askotan, jendeak pertsona horiek imitatzen ditu. Gazteen artean euskararen erabilera arriskuan dagoen honetan, oso garrantzitsua iruditzen zaigu guk erabiltzen dugula erakustea eta gazteak euskaraz bizitzera bultzatzea.

Zergatik uste duzu merezi duela euskararen aldeko hautua egiteak?

Alde batetik, gure nortasunaren parte delako. Bestetik, Europako hizkuntza zaharrenetakoa izanda, altxor bat delako. Guk ez badugu zaintzen, nork egingo du?

Zer eskaintzen dio euskarak musika talde bati?

Hain hizkuntza aberatsa izanik, hitzak idazterako orduan adibidez, joko asko ematen du. Gainera, abesterakoan, euskarak sonoritate berezia ematen die abestiei. Horren guztiaren gainetik, hala ere, euskarak musika taldeei berebiziko nortasuna ematen dielakoan nago. Euskaraz abestuko ez bagenu, ez ginateke Egurra ta Kitto izango.

Euskara hutsean lan egiteagatik, oztoporik aurkitu al duzue musikagintzaren bidean?

Ez dugu oztopo handirik aurkitu, egia esan. Behar bada, euskara hutsean abesteak zailago egiten du Euskal Herritik kanpo gure musika entzutea, baina aldi berean, Euskal Herrian gehiago entzutea ahalbidetzen du. Gure herriarentzat egiten dugu musika, beraz, oso pozik gaude.