Irudhitzen lehiaketa

Jarri hitzak irudiei

Uztarria.eus 2018ko aza. 12a, 14:16

Azaroaren 20an itxiko da Irudhitzen lehiaketaren testuen atala. Parte hartzaileek irudien atalean nabarmendutako argazkiei  jarri beharko dizkiete hitzak, eta irabazleak 150 euro irabaziko ditu. Xabier Gantzarainek, Miren Gorrotxategik eta Leire Ostolazak osatuko dute epaimahaia. 

Irudhitzen lehiaketaren irudien lehiaketa itxita, martxan da testu laburren atala. Parte-hartzaileek Xanti Rodriguezek, Ainara Garciak eta Alberto Belokik aukeratutako hamabi argazkiei jarri beharko dizkiete hitzak, eta hilaren 20an itxiko da horretarako epea. Ondoren,  Xabier Gantzarain, Miren Gorrotxategi eta Leire Ostolaza arduratuko dira Irudhitzen lehiaketaren testuen atalera aurkeztutako idatzietatik hamabi nabarmentzeaz. Horietako bat izango da testu irabazlea, eta haren egileak 150 euroko saria eskuratuko du. 

Honakoak hauek dira testu lehiaketaren oinarriak:

  • Pertsona bakoitzak gehienez bost irudiri jarri ahal dizkio hitzak. 
  • Argazkia oinarri, norberak erabakiko du zertaz idatzi. Argazkiaz, horren gainean egindako hausnarketaz, irudiak eragiten dionaz, sentiarazten dionaz, horren inguruan pentsatzen duenaz...
  • Gehienez 100 hitzeko testuak izan behar dute.
  • Aipatu egin behar da zein argazkiri jarri zaizkion hitzak. 
  • Azaroaren 20a izango da testuak bidaltzeko azken eguna. Honako helbidera bidali behar dira testuak: lehiaketakuztarria@gmail.com.

Testuen atalean parte hartu nahi dutenek, honako argazki hauei jarri beharko dizkiete hitzak. Juan Joxe Agirreren argazkiak irabazi du aurtengo argazki lehiaketa.