Joxe Mari Iriondoren "ibilbide profesional bikaina" saritu dute Euskal Kazetaritza Sarietan

Uztarria.eus 2018ko aza. 8a, 13:30

Euskal Kazetarien Elkarteak eta Kazetarien Euskal Elkargoak atzo, asteazkena, egin zuten aurtengo Euskal Kazetaritza Sariak banatzeko ekitaldia, eta Joxe Mari Iriondo kazetaria (Azpeitia, 1938) zegoen sarietako bat jasotzeko izendatuta. Osasun arazoak medio, ordea, ezin izan zuen ekitaldian izan azpeitiarrak, eta haren seme Joseba Iriondok jaso zuen aitaren saria. Ekitaldian, aitaren izenean hitz egin zuen Josebak, eta elkarteei eskerrak eman zizkien sariarengatik: "Benetan gozoa da lankideen aintzatespena jasotzea. Berak esan eta pentsatuko ez lukeen gauza bat nik neuk esango dut: ondo merezitakoa da saria", gaineratu zuen.

Euskal Kazetarien Elkarteak eta Kazetarien Euskal Elkargoak Iriondo kazetariaren ibilbidea saritu dute aurten. Epaimahaiak Iriondoren "ibilbide profesional bikaina" nabarmendu du. Iriondoz gain, Cesar Coca, Euskaltzaindia, Eusko Ikaskuntza, Carmen Sarmiento eta Doce Miradas bloga saritu dituzte Euskal Kazetaritza Sarietan.

Iriondo Loiolako Herri Irratian aritu zen 22 urtez, 1961etik 1983ra bitartean. "Herri Irratian asko sufritu genuen zentsurarekin, baina nik beti gozatu egin dut nire lanarekin", esan du saria baloratzean. Herri Irratian euskal kultura landu zuen uhinetatik, eta bertso, erromeria eta kantaldi saioen fitxategi oparo bat bildu zuen urte horietan. TVEn eta EITBn ere egin zuen lan. 1985. urtean ETBko zuzendari izendatu zuten, eta EITBko irratietako zuzendaria izan zen 1989. urtetik 1998ra. 2008an Rikardo Arregi Kazetaritza Sarietan ohorezko saria eman zioten. Ohorezko euskaltzain izendatu zuten 2010. urtean.

(Argazkia: Bingen Zubiria)