Apustu etxea Azpeitian "soberan" dagoela salatu dute herritarrek, haren inaugurazioan

Reta enpresak, atzo, asteartea, zabaldu zuen herrian polemika sortu duen apustu etxea. Balentina Agirre plazan ireki dute lokala, eta negozioaren inaugurazio ekitaldian protesta egin zuen hainbat herritarrek. Izan ere, 50 bat lagun sartu ziren apustu etxera Azpeitian halako lokalik ez dutela aldarrikatzera.

Apustu etxearen irekieraren harira, Elkar-ekin taldeak oharra plazaratu du, eta herritarrei dei egin die lokala "sozialki" bazter dezaten. "Erakundeen baimenarekin ireki dute negozioa, baina izan gaitezen herritarrak apustu etxea Azpeitian soberan dagoela adierazten dugunak", esan du. Taldearen arabera, joko aretoak "aurkakotasun handia" eragin du Azpeitian, baina, hala ere, Reta etxeko arduradunek "jendearen osasunaren gainetik dirua lehenetsi" dute. "Aurrera egin dute, baina ez gara gu izango orain atzera egingo dugunak", ohartarazi dute. Izan ere, taldeak aurreratu du presio soziala egiten jarraituko duela aurrerantzean ere, eta herritar guztiak gonbidatu dituzte antolatuko dituzten ekimenetara eta mobilizazioetara.

Azken hilabeteetan, zeresan handia eragin du Balentina Agirre plazan ireki berri duten apustu etxeak. Izan ere, hamaika mobilizazio egin dute herrian, negozioaren aurka presio soziala egiteko asmoz; besteak beste, apustu etxeen atzean dagoen negozioaren eta horiek eragiten duten ludopatiaren inguruan hitzaldiak egin dituzte azken hilabeteetan, eta negoziaoaren irekieraren atarian, silikonarekin itxita eta pintadaz josita agertu zen larunbat goizean gunea. Era berean, Elkar-ekin taldeak sinadura bilketa hasi zuen urrian, eta taldeak gogoratu du herritarrek datorren astera bitartean dutela sinatzeko aukera. Dagoeneko 1.000 sinadura baino gehiago lortu dituzte. Azpeitiko Gaztetxeak eta Azpeitiko Ernaik ere apustu etxeen kontrako jarrera hartu zuten hasieratik. Horregatik, bi eragileek Elkar-ekinek antolatutako ekimenak babestu dituzte, atzoko protesta kasu.

Azpeitiko Udalak, bestetik, joan den astean bere kezka agertu zuen apustu etxeak izan ditzakeen ondorioez, eta Eusko Jaurlaritzari oharra bidali zion, halako lokalek herrian eragin dezaketen "inpaktuaren" informazioa eta txostena eskatuz. Gainera, adierazi zuen bere esku dauden "baliabide guztiak" jarriko dituela, apustu etxearen "ondorio kaltegarriak" saihesteko.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide