Gau magikoa, paregabea, izan zen

Itziar Oiarzabal 2018ko urr. 31a, 12:30
Olatz Prat eta Itziar Oiarzanal, 'Matxinada' ikuskizunean. (Alberto Beloki)

Itziar Oiarzabal Imanol Elias zenaren alargunak gutuna idatzi du larunbatean taularatu zuten Matxinada herri antzerkiaren harira. Oiarzabal aktore lanetan aritu zen, eta bere senarra zenak idatzitako testua oinarri hartuta osatutako ikuskizunean parte hartu zuten guztiei eskerrak emateko baliatu du gutuna.

Hitz egokiak ez nituelako erabili. Unai Frantzesena, zuri barkamena eskatu nahi dizut, larunbatean emanaldia hasi aurretik irakurri zen idatzi hartan esandakoagatik. "Orain semeak aldaketak eta egokitzapenak eginak ditu", esan zuten nik idatzitako testuan, baina gaizki esana. Izan ere, esan behar nuena da Unai bera bakarrik izan dela Matxinada ikuskizuneko musika zoragarriaren sortzailea.

Berak antolatu ditu antzezlan horretarako musika estilo desberdinetako piezak. Guk musika desberdina genuen agerraldi bakoitzean, eta abesti horietako bakoitza entzuteak indarra ematen zigun lanean ari ginenoi. Niri bai, behintzat; izugarria da egin duzun lana. Hitz egokirik ezin dut aurkitu egindakoa adierazteko. Hitz batean esateko, Unai: mundiala, magikoa. Zorionak egin duzun lan handiagatik, eta musu bat. Nire bihotzean betirako lekutxo bat duzu, eta Imanol ere hor edukiko duzu mila zorion ematen.

Bihotz-bihotzez eskerrak eman nahi dizkiet Azpeitiko Kultur Mahaiari eta Eneko Etxeberria alkate jaunari, Imanoli eskainitako opariagatik. Jaso nuen liburua apalean da, koadroa paretan eta garia Imanolek du. Une hura oso hunkigarria izan zen. Nik zuei eman nahi nizkizuen eskerrak, baina alderantziz izan zen. Gau magikoa, paregabea, izan zen, Unairen musika bezala.

Mila esker, denoi. Eta mila zorion emanaldi hartan partaide izan zineten guztioi.