Mikel Larrañagak ez du txapela janzterik lortu

Uztarria.eus 2018ko urr. 28a, 14:39

Maila Nagusiko Aizkora Txapelketako finala jokatu dute gaur Iruñeko Labriten, eta bertan lehiatu da Mikel Larrañaga azpeitiarra. Aitzol Atutxak irabazi du finala, eta hirugarren postuan sailkatu da Larrañaga.

Bosgarren urtez jarraian, Aitzol Atutxa nagusitu da Maila Nagusiko Aizkora Txapelketako finalean. Iruñeko Labrit pilotalekuan jokatu dute lehia sei aizkolarik, 12:00etan hasita. Iker Vicenterekin lehia estua izan du Atutxa II.ak azken unera arte, eta azkenean, Atutxa nagusitu da, Vicenteri alde txikia aterata. Mikel Larrañaga aizkolari azpeitiarrak ere lan ona egin du, eta hirugarren postuan sailkatu da hura. Iñaki Azurmendi sailkatu da haren atzetik, eta Eneko Otañok bosgarren postua eskuratu du. Joseba Otaegi izan da lanak amaitzen azkena.